Ostiral honetan Torreoian, bertso musikatuak

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 14a, 09:52
Argazkia: Unai Aizpurua

Aner Euzkitze, Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek eskainiko dute emanaldia. Gonbidapenak eskuragarri daude Bertsozale Elkartearen webgunean.

Hitzordu berezia prestatu dute Torreoian ostiral honetarako: bertso saio musikatua. Bertsolari gazteei plazan aritzeko aukera ematea da helburua, eta ostiraleko saioan Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendirekin batera ariko da bertsotan Aner Euzkitze zarauztarra. 18:30ean hasiko da emanaldia, eta beharrezkoa izango da gonbidapenak aurrez hartzea Bertsozale Elkartearen webgunean. Bakoitzak gehienez bi gonbidapen eskuratu ahalko ditu.

Hain zuzen, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak sortu du Zapla bertsolari gazteen zirkuitua, bederatzi bertsolari gazterekin eta horien bertso eskolekin elkarlanean, eta dagoeneko egin dituzte hainbat saio. Euzkitzek jada hartu du parte saioetako batean –pasa den asteburuan, Hernanin–, eta Legazpin ere kantatuko du ekainaren 25ean.

"Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz plaza hasteko sasoia iritsi bitartean kosta egiten da bertso eskoletatik kanpoko zirkuituan sartzea", azaldu du Bertsozale Elkarteak. Horregatik sortu dute Zapla, eta asmoa da gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea. 

Guztira hiru formatutako sei saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin, Zarautzen, Legazpin eta Beasainen, tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean.