Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako finala jokatu zen atzo eguerdian, Lekunberriko Jaian Jai probalekuan, eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak ezin izan zuen iazko garaipena berretsi. Joan den urtean altxaldi bakar bateko aldearekin hartu zuen mendean Urdax Magunazelaia abadiñoarra, baina aurten alderantzizkoa gertatu da: 70 jasoaldi lortu zituen Urdaxek, 67 Urrak eta 52 Iñigo Eizagirre Eiza-k.
Bizkaitarra indartsu iritsi zen lehiaren azken txanpara, eta kuboarekin eta koparekin eginiko lanen ondoren, Urra bi altxaldi aurretik baldin bazihoan ere, sekulako erakustaldia eman zuen bolarekin. Ondorioz, txapela bereganatu zuen Urdaxek, Urra txapeldunorde geratuz; Eiza hirugarren izan zen, hasiera-hasieratik beste bien itzalean lehiatu zena. Hirurek 125na kiloko koparekin, kubikoarekin eta bolarekin aritu ziren lanean, bakoitzarekin hiru minutuko denboran.
Emakumezkoen bi txapelketa jokatu zituzten, aldi berean: helduena eta gazteena. Gazteen mailan, Udane Ostolaza oriotarra izan zen nagusi, Aroa Sanchezen aurkako norgehiagokan. 50na kiloko koparekin, kubikoarekin eta bolarekin aritu ziren, bakoitzarekin minutu eta erdiko denboran, eta harri guztietan Ostolaza gehiago izan zen. Guztira, 39 altxaldi lortu zituen; lehiakidea, berriz, 31rekin geratu zen. Helduen mailan, bien bitartean, Karmele Gisasola Zelai III.a Marina Blanco baino gehiago izan zen.
Argazkiak: Ibon Errazu