Bihar hasiko da hondartza denboraldia, edukiera kontrolatuarekin

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 14a, 17:10
Iban San Martin Herritarren Segurtasunerako zinegotzia, malekoian. (Zarauzko Udala)

Hamar sarrera-irteera izango ditu aurten, eta bigarren urtez toldozainek kontrolatuko dute aforoa, 10:30etik 18:30era. Sorosleen ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da, eta BPXport enpresa arduratuko da.

Bihar hasiko da hondartza denboraldia, eta irailaren 15a bitartean iraungo du. Hondartzak hamar sarbide izango ditu, iaz baino hiru gehiago, eta horietan jendea zenbatuko da edukiera kontrolatzeko. Sarbide-kontrolaz arduratuko den enpresa lehiaketa publiko bidez aukeratu dute, eta aurten ere, toldozainak arduratuko dira.

Hamar sarrera horiek hamar gunetan banatuko dute hondartza, eta eremu bakoitzeko gehienezko jende kopurua egongo da. Marearen arabera, eremu bakoitzaren edukiera murriztu edo handitu egingo dute. Erabiliko duten sistema iazko bera izango da. Zonalde batean baimendutako gehieneko erabiltzaile kopurura iristen den unean, gune horretako sarbidea itxi egingo dute, eta gainerako sarreretatik bakarrik sartu ahal izango da. Hondartzaren aforoa 10:30etik 18:30era kontrolatuko da.

Hondartzaren edukiera denbora errealean kontsultatu ahal izango da udalaren webgunean, Zarauzko Turismoaren webgunean eta autobideko irteeran, Zarautzerako sarbideko biribilgunean (N-634 errepidea Oriotik) eta Getariarik datorren Zarautzerako sarbidean kokatuko diren hiru informazio paneletan.

21 sorosle uneoro

Sorospen-zerbitzua BPXport XXI S.L.U. enpresari lizitatu zaio lehiaketa publiko bidez, eta 21 sorosle izango ditu uneoro, 11:00etatik 20:00etara. Sei bainu-gune mugatuko dituzte, sorosleen sei kontrol-gunerekin, bainularien segurtasuna bermatuko dutenak. Aurten, berrikuntza gisa, portuko gunea irekiko da, eta sorospen zerbitzua ere izango du.

Era berean, udalak gogorarazi du musukoa nahitaez erabili beharko dutela leku bila dabiltzan edo hondartza barrutik paseatzen ari diren pertsonek, eta behin eserita eta inguruko pertsonekiko metro eta erdiko distantzia errespetatuz soilik kendu ahal izango dela. Mezu hori eta COVID 19ren aurkako prebentzio-neurriei buruzko beste batzuk bozgorailuz igorriko dituzte udan zehar, hondartzako erabiltzaileei errespetatu behar diren neurriak gogorarazteko.

"Aforoa kontrolatzeko eta sorospenerako zerbitzuek hondartzaren segurtasuna bermatzen lagunduko dute uda honetan", azpimarratu du Iban San Martin Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. "Jakin badakigu herritar guztiek eta uda honetan Zarautzera etorriko diren bisitariek hondartzaz gozatzeko duten gogoa, eta horregatik eskatu nahi diet guztiei hondartza arduraz erabiltzeko eta hartutako neurriak errespetatzeko, uda ahalik eta ondoen igaro dadin".

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da Zarauzko hondartzaren garbiketa-zerbitzuaz. Zerbitzu hori ekainaren 1ean hasi zen, eta irailaren 30era arte iraungo du.