Paulo Ostolaza: "Orioko emaitza ikusita, orain helburu bezala jar dezakegu Espainiako Txapelketara iristea"

Onintza Lete Arrieta 2021ko eka. 15a, 09:00
Paulo Ostolazak jaso du atezain onenaren saria (Argazkia: utzitakoa)

Euskadiko Hondartza Eskubaloi Txapelketa jokatu da asteburuan aurreneko aldiz, eta bigarren egin du Amenabarren Billionaire Kostaldeko Kortsarioak taldeak. "Barregarri" gelditzeko beldurrez ekin zioten lehiari, baina orain eskura ikusten dute garaipena, Ostolaza atezainak azaldu duenez. Garagardo propioa atera dute, gainera, lehiaketaren gastuei aurre egiteko.

Asteburuan jokatu da Orioko Antilla hondartzan Euskadiko Hondartza Eskubaloi Txapelketa aurreneko aldiz, eta bertan parte hartu dute Amenabar eskubaloi taldeko hamar jokalarik, eta aurrez beraiekin ibilitako batek. "Barregarri" gelditzeko beldurrez hasi zuten lehiaketa, baina partida bakoitzean gero eta hobeto moldatu ziren, eta finalera iritsi ziren igandean. Hura galdu arren, Getxon lehiatuko dira uztailaren hasieran, eta Paulo Ostolaza atezainak argi dauka irabaztea ez dagoela hasieran uste bezain urrun. Atezain onenaren saria ere berarentzat izan da aurreneko asteburuan.

Txapelketa berria da. Nolatan sortu da orain?
Duela hilabete batzuk berritu zen Euskadiko Eskubaloi Elkarteko zuzendaritza. Haren asmoetako bat zen hondartzako eskubaloiari bultzada handiagoa ematea. Izan ere, modu ofizialean, Euskadi mailan Bizkaian antolatu izan dituzte urtean bizpahiru txapelketa, baina Gipuzkoan ez da inoiz egin halakorik. Zarautzen Txaparrotan lehiaketa daukagu, baina ez dauka zerikusirik lehiaketa ofizial baten arauekin. Orain bizpahiru aste komentatu ziguten txapelketa hau sortzeko asmoa zutela, eta parte hartzeko aukera eman ziguten taldeetan federatuta gauden eskubaloi jokalarioi. Klub bakoitzak talde bakarra aurkeztu ahal izan du, eta Zarauzko taldeko zuzendaritzak jokatzeko aukera eman zigun.

Azkar-azkar egin behar izan duzue guztia.
Bai, ez dugu hondarretan entrenatzeko aukerarik eduki; gainera, hemen ez daukagu jokatzeko materialik hondartzan. Babeslea aurkitu ahal izan dugu behintzat, –horregatik jarri diogu izena Billionaire–, ekipazoiak ere egin ditugu, eta aurrera.

Ondo joan zaizue lehiaketa, ezta?
Egia esateko, bai. Ez genekien nola moldatuko ginen: pistan ondo ibiltzen gara, bigarren mailan gabiltza, baina ez genekien hondartzan erraz ariko ginen; arauak ere justu-justu genekizkien. Mutiletan 11 taldek hartu dugu parte, eta zazpi bizkaitarrak izan dira. Batzuek urteetako ibilbidea dute, eta Espainiako Txapelketak ere jokatu izan dituzte. Horregatik, bagenuen barregarri gelditzeko beldur pitin bat.

Finaleraino iritsi zarete, ordea.
Bai, baina guretzat eremu ezezaguna zen, ez genekien nola ibiliko ginen. Aurreneko partidetan igarri zen taldea pixka bat galduta zegoela, eta epailearekin ere eztabaidak izan genituen arauak ere justu-justu kontrolatzen genituelako; adibidez, hondartzako eskubaloian kontaktua ez dago onartuta, eta batez ere defendatzerakoan, nabaritzen da aldea. Erasoan, Txaparrotan lehiaketakoaren antzekoa da, ez dago alderik, baina defentsan erabat desberdina da. Sailkapen fasean bi partida irabazi genituen, beste bi galdu penaltietan, eta igande goizean final laurdenak eta finalerdiak jokatu genituen, eta azkenik, finala. Errendimendu aldetik behetik gora egin genuen, gure jokoa aurkitu genuen eta ondo irabazi genituen finalera arteko partidak.

Finalean, ezin.
Hori da. Ona zen beste taldea, gu ere fisikoki nekatuta geunden, eta epailearekin pare bat eztabaida izan eta kontzentrazio pixka bat galdu genuen. Baina balantzea oso positiboa da: esperientzia berria izan da guretzat, oso-oso ondo pasa dugu, eta antolakuntza ona izan dela iruditzen zaigu.

Uztailaren aurreneko asteburuan Getxon jarraituko du txapelketak. Zein da zuen helburua?
Getxoko eta Orioko sailkapenak kontuan hartuta egingo da sailkapen orokorra, eta hor aurrena gelditzen denak datorren urtean Espainiako Kopa jokatzeko aukera izango du Torroxen, Malagan (Andaluzia, Espainia). Igandeko emaitza ikusita, orain helburu bezala jar dezakegu horra iristea.

Asteburupasa joango zarete?
Lehiaketa antolatzen hasi ginenean konturatu ginen kostu batzuk zituela parte hartzeak. Ekipazioa egin behar izan dugu, Getxora bidaia... Batzuk lanean ari gara, baina beste batzuk ikasleak dira oraindik, eta horregatik, erabaki genuen babesleak eta laguntzaileak aurkitzea. Babeslea aurkitu genuen, Billionaire trading akademia, eta orain gure garagardoa atera dugu, besteak beste, bidaia hori ordaintzeko.

Zer garagardo marka da?
Hemen, Zarautzen, Itxasmendin garagardoa egiten duen lagun batekin egin dugu tratua: Best.e.beer da markaren izena, eta bi garagardo atera ditugu. Salgai ditugu, eta eskuratu nahi duenak gutariko edozeini idaztea besterik ez du. Babesleei esker izan da posible lehiaketa honetan aritzea, hori azpimarratu nahi genuke.

Espainiako Txapelketari dagokionez, Euskadiko honen antzekoa izaten da?
Bai. Espainian badago hondartzako eskubaloia jokatzeko ohitura, batez ere Andaluzian, Valentzian, Katalunian eta Galizian. Serioagoak dira, entrenatu egiten dute, selekzioarekin nazioartean jokatutakoak ere badira batzuk... Hemen sustatu egin nahi da modalitate hau, modu profesionalagoan aritzeko.

Amenabarreko jokalariak zarete zuek. Bateragarriak dira han ibiltzea eta hondartzako eskubaloia?
Bai, bateragarriak dira, ez dago arazorik; udan bakarrik jokatzen da, esaterako, hondartzakoa. Gainera, denborapasa gisa hartzen dugu, gure helburua ondo pasatzea da. Kristoren asteburua pasatu dugu; kirol emaitzak lagundu du, baina hori gutxienekoa izan da.

Txaparrotan aipatu duzu. Aurten egingo da?
Ez, aurten antolatzeko berandu da jada. Baina badakit jarraitzeko asmotan direla antolatzaileak, eta datorren urtean egingo dela pentsatzen dut.

Billioinaire Kostaldeko Kortsarioak
Partaideak

  • Entrenatzailea: Iraitz Unanue
  • Josu Atorrasagasti
  • Mikel Amilibia
  • Oihan Balentziaga
  • Xabat Olaizola
  • Jokin Jimenez
  • Ander Galagarra
  • Mikel Beristain
  • Paulo Ostolaza
  • Iñigo Moreno
  • Iker Ortiz
  • Ander Eizagirre