Iker Lauroba musikaria, 'Galdedebalde'-ko aste honetako gonbidatua

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 12:00

Ostiral honetan itxiko dute Galdedebalde saio berezien bigarren zikloa. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, Putzuzulon.

Arraio Irratiko Galdedebalde irratsaioko kideek hainbat saio berezi prestatu dituzte aurten, publikoarekin eta gonbidatu bereziekin. Urtarrilean egin zituzten formatu horretako aurreneko saioak Putzuzulo gaztetxean, eta ekainean eman diote jarraipena molde berri horri, bigarren ziklo batekin. Oraingoan ere hiru saio berezi izan dira jarraian: Antton Telleria eta Julen Telleria anaiak izan ziren gonbidatuak ekainaren 4an, Sara Zozaya aritu zen Galdebalde-koekin zuzenean ekainaren 11n, eta ostiral honetan, ekainaren 18an, Iker Lauroba musikariaren txanda izango da.

Aurreko bi asteetan bezala, 19:00etan hasiko da saioa Putzuzulon. Hortaz, bertaratzen direnek zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dituzte Galdedebalde irratsaioko Stuart, Ortega eta Gasset kideak, bai eta Lauroba gonbidatua ere.

Publiko modura joan nahi dutenek bihar erosi beharko dituzte sarrerak, 5 euroan. Putzuzulon egongo dira salgai txartelak, 19:00etatik aurrera. Bestalde, Galdedebalde-ko kideek gogorarazi dutenez, ostiralean 18:45ean itxiko dituzte gaztetxeko ateak, saioa hasi baino ordu-laurden lehenago.