'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketa inauguratu dute Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 15a, 19:55

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, CEAR-Euskadiko lehendakari Javier Galparsoro, Xabier Txurruka alkateak eta Juantxo Egaña komisarioak hartu dute parte ekitaldian, beste batzuen artean. Argazki erakusketak hiru zati ditu: memoria historikoa, Mediterraneoko exodoa eta Gipuzkoan bizi diren errefuxiatuak.

Ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela kontuan izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du oharkabean igarotzen utzi nahi data gogoangarria, eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak migrazioen atzoko eta egungo argazki erakusketa bat sustatu du Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea izenburupean. Gaur arratsaldean inauguratu dute Photomuseumen, ekitaldi xume batean, eta bertan izan dira Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, CEAR-Euskadiko lehendakari Javier Galparsoro, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Giza Eskubidetako foru zuzendari Ion Gambra. Baita erakusketako komisarioa izan den Juantxo Egaña argazkilaria eta Andoni Lubaki, Diego Ibarra eta Javi Julio argazkilariak ere.

Erakusketan 65 elementu grafiko bildu dituzte, hiru ataletan banatuta. Lehenengoa euskal memoria historikoari lotuta dago: Karlistadak, 36ko Gerra, gerraosteko erbestea, Frantziako errefuxiatu-esparruak eta II. Mundu Gerra ezagutu zuten euskal herritarren eszenak. Atal XIX. mendearen erdialdean Habanan erreproduzitutako dagerrotipo bat jarri dute, eta bertan Domingo Belaustegigoitia II. Karlistaldiko euskal erbesteratua erakusten da. Gainera, garaiko aldizkarien irudiak eta azalak ere jarri dituzte ikusgai.

Bigarren atalak, Gipuzkoa-Bidasoa izenburua darama, eta Gipuzkoan bizi diren edo bertatik igarotzen diren errefuxiatuen errealitatea ezagutarazten du, eta hirugarren atalak, berriz, Mediterraneoko exodoaren eta itsas salbamenduaren irudiak jasotzen ditu; besteak beste, Aita Mari ontzikoak. Ondorengo egileen argazkiak paratu dituzte bi atal horietan: Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo García Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesus Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz. Erakusketa uztailaren 25a bitartean bisitatu ahal izango da.

Memoria eta elkartasuna

"Elkartasuna" eta "ikuspegi integratzailea" aipatuz eta definizio horiek erakusketarekin bat egiten dutela esanez ekin dio bere hitz hartzeari ahaldun nagusiak: "Euskal Herri osoak eta, bereziki, Gipuzkoak apustua egin du elkartasunari dagokionez". Memoria historikoaren inguruan ere esfortzu dezente egiten ari direla nabarmendu du, eta horren adibide, joan den larunbatean Alemaniako kontzentrazio esparrutan egon ziren 80 gipuzkoarrei eginiko aitortza ekarri du gogora. "Beraz, bi ikuspegi horiek ditugu kontuan nolabait ere".

Olanok aditzera eman duenez, "gure herriak azken urteetan izan dituen behar latz horiek deskribatzea inportantea da, eta besteek dauzkatenean ere, bai hemen bai beste lekuetan, horiek ezagutzea eta horiekin harremana edukitzea ere inportantea da. Sentiberatasun berdina eduki behar genuela iruditzen zitzaigun, batez ere giza eskubideen eta pertsonaren duintasunaren defentsarekin alde". Zentzu horretan, diputatu nagusiak "harro" egoteko moduko eragile-sarea dagoela Gipuzkoan azpimarratu du, eta Aita Mari itsasontzia, Zaporeak elkartearen sukalde solidarioa eta 25 urte bete berri dituen CEAR-Euskadi elkartea izan zituen aipagai.

Gizartea "besteen ezbeharretara eta zorigaiztoetara ohitzen" ari dela azaldu du CEAR-Euskadiko lehendakari Javier Galparsorok, eta hori "onartzezina" dela. Argazkietan ageri diren pertsona horien inguruan dagoen informazio eza jarri du mahai gainean, anonimotasun axolagabe hori, eta nolabaiteko dispositibo falta haiei zerbait gertatuz gero haien familiakoekin harremanetan jartzeko. "Ez dugu inoiz ahaztu behar gure memoria historikoa, zer garen eta zer izan ginen, eta gaur egun, beste pertsona batzuk ari direla borrokan beraien bizitza salbatzeagatik", garbi utzi nahi izan du Galparsorok. Gogora ekarri du 79 milioi pertsona errefuxiatu daudela gaur gaurkoz munduan.