"Hilabeteetako lanaren ondoren", itsas trabesia antolatu da, moldatuta

Onintza Lete Arrieta 2021ko eka. 16a, 09:01

Zarautz-Mollarri-Zarautz eta Zarautz-Ubiri-Zarautz zeharkaldiak egingo dituzte ohiko Getaria-Zarautzen ordez uztailaren 24an eta 25ean. Gaur amaituko da inskripzio epea iaz izena eman zutenentzat.

Iazko udan zen ospatzekoa 50. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, baina bertan behera utzi behar izan zuten COVID-19ak eragindako pandemia egoeragatik. Izena emanda zuten jada ehunka igerilarik, eta horiei aurten parte hartzeko aukera eman zien Balea Igeri Elkarteak. Urtebete pasata egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, elkarteak aurtengo proba ere bertan behera uztea erabaki zuen. «Iruditzen zaigu mende erdia behar den bezala ospatu behar dela, ez erdipurdika», azaldu du Pablo Cazalis Balea elkarteko kideak.

Dena den, «proba bat antolatzeko beharra» zeukan elkarteak «datorren urtean urtemuga garrantzitsua ospatu ahal izateko eta elkartearen biziraupena bermatzeko».

Ibilbide alternatiboa

Hala, «hilabeteetako lanaren ondoren», uztailaren 24an eta 25ean bi zeharkaldi egingo dituzte: Zarautz-Mollarri-Zarautz larunbatean, eta Zarautz-Ubiri-Zarautz igandean.

5.000  metroko  distantzia izango du Mollarrirako joan-etorriak, eta 3.000 metrokoa, berriz, Ubiri artekoak. Goizean goiz izango dira bi probak, hondartza ordutegia  hasi  baino  lehen amaitu ahal izateko.

Iaz izena emandako igerilariei bi aukera eman zizkieten: izen-emateko dirua itzultzea, edo aurtengo tokia gordetzea. Askok aukeratu zuten bigarren hori, eta orain, berriz erabaki behar dute dirua jaso (inskripzioaren%70) edo proba alternatiboa jokatu. Gaur dute horretarako azken eguna. «Klubak aurrera egiteko, ezin dugu ehuneko ehuna itzuli, eta iaz izena eman zutenei eskatu nahi diet aukera bat emateko proba berri honi eta parte hartzeko», azpimarratu du Cazalisek. Horrez gain, jakinarazi du izen-emate berririk ez dutela onartuko. «Iazkoei aukera hori eskaintzeko gaitasuna badugu, baina berriei ez, ez dugulako masifikaziorik egoterik nahi».

Bihar, osteguna, jakingo dute zenbat parte hartzaile izango dituen aur-tengo probak.  Maiatzean gelditu zen bertan behera alarma egoera, eta Cazalisek azaldu du beranduegi egin zaiela Getaria-Zarautz antolatzen hasteko. Gainera, gogoratu nahi izan du azken astean probak jokatzen diren herrietako egoera epidemiologikoa hartuko dela kontuan, eta herriak laranjan edo gorrian badaude, ezingo dela jokatu probarik. Horrez gain, amaieran ezingo lukete ospakizunik egin Munoan, osasun protokoloa betetzeko.