Laster sartuko da indarrean udal baratzeetako araudi berria

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 16a, 16:06

Duela gutxi egindako zozketan eskaera egin duten erretiratu edo pentsiodun guztiei lursaila esleitu dietela jakinarazi du udalak. Hamalau baratze esleitu zituzten zozketa horretan.

Udalak jakinarazi duenez, hamalau baratze esleitu zituzten duela hilabete baino gutxiago egindako zozketan. Erretiratu eta pentsiodunek lehentasuna izan ohi dute gainerako eskatzaileen aldean, eta udalaren arabera, baldintza horretako eskatzaile guztiek eskuratu zuten zozketan erabilgarri zeuden lursailetakoren bat. Zozketa egin ondoren itxaron-zerrendan geratu diren pertsonei urtean zehar libratzen diren lursailak eskainiko zaizkiela ere jakinarazi du udalak.

Ordenantza berria

Udal baratzea duten pertsonek 50 euro ordaindu beharko dituzte ordenantza berria indarrean sartzen denean, eta udalaren arabera, "behin betiko formalizatu beharko dute emakida, araudi berria onartzea sinatuta". Udalak jakitera eman du "garaiz" emango dela izapide horren berri, eta bi hilabeteko epea egongo dela osatzeko. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunera jarriko da indarrean ordenantza berria. Patxi Elola proiektuaren arduradun eta zinegotzia "pozik" agertu da "baratze guztiak martxan daudelako eta pentsiodunei eta erretiratuei partzelak esleitzea lortu delako".

Ordenantza berria baratzeen erabilera "antolatzen duen tresna berria" dela esan du Elolak, eta balioko duela "zenbaiten erabilera txarrekin amaitzeko, hala nola baratzeak hirugarren pertsonei lagatzea, bizilagunen baratzeak inbaditzen dituzten maskotekin joatea, pasabideak okupatzeko edo baratze kolektibo baten berezko ez diren egiturak eta materialak pilatzea...".

Prentsaoharrean gaineratu du udalak duela 11 urte sortu zela Zarauzko baratze publikoen proiektua, eta bera dela biztanleko baratze publiko gehien dituen Gipuzkoako udalerria.