250 ikaslek hartu dute parte hondartza garbitzen maiatza eta ekaina bitartean

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 16a, 18:00

Surfrider erakundearen bitartez, herriko ikastetxe guztiek hartu dute parte sentsibilizazio kanpainan. Garbiketetan jasotako datuak Europako Ingurumen Agentziara bidaliko dituzte.

Astelehenean eman zioten amaiera Zarauzko ikastetxeek hondartzako garbiketaren egitasmoari. Eskolako Agenda 2030eko konpromisoen barruan, herriko hezkuntza zentroekin elkarlanean  aurrera eraman da maiatza eta ekaina bitartean, eta, guztira, 250 inguru ikaslek hartu dute parte sentsibilizazio kanpaina horretan. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "hondartza garbi mantentzea denon ardura dela" jakinaraztea izan da ekimenaren helburu nagusia.

"Orain, uda garaian, egun guztian zehar hondartza jendez beteta egoten da eta zikinkeria pilatzen da bertan. Hondartzako erabiltzaileei eskatu nahi diet ekarritako guztia berriz eramateko eta kanpoaldean dagokion edukiontzietan botatzeko", gaineratu zinegotziak. Era berean, eskerrak eman dizkiegu ikasle zein irakasleei egitasmoan erakutsi duten inplikazioagatik, eta eredugarritzat jo ditu herritar guztiei mezua zabaltzeagatik.

Surfrider erakundea izan da kanpaina zuzentzeaz arduratu dena. Ingurumen boluntariotza hau Ocean Iniciatives ekimenaren barnean kokatzen da, eta Europan duela 25 urte hasi ziren egiten. Aurten, 40.000 pertsona inguruk hartu dute parte. Erakundeko ordezkari  Xavier Curtoren esanetan, "hondartzaren garbiketa bezain garrantzitsuak dira guretzat garbiketatik atera ditzakegun datuak. Aurkitzen diren hondakin motaren arabera jakin dezakegu zein motatako ohiturak eta joerak dauzkaten bertako herritarrek". Zarautzen egin diren garbiketetan jasotako datuak Europako Ingurumen Agentziara bidaliko dituzte.