Kontzertua eskainiko du Zarautz Abesbatzak astelehenean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 17a, 10:18

Duela gutxi berrartu dituzte entseguak "neurriak zehatz-mehatz jarraituz", eta "pozik" daude, berriro ere jendaurrean kantatzeko aukera izango dutelako.

Europako Musika Egunaren harira eskainiko du kontzertua Zarautz Abesbatzak datorren astelehenean, hilaren 21ean, Villa Mundako parkean, 20:00etan. Bertaratzen direnek hainbat estilo eta jatorritako zortzi abesti entzuteko beta edukiko dute hitzordurako propio apainduko duten parkean.

Emanaldia "xumea" izango dela azaldu dute antolatzaileek, taldearentzat "entsegu ireki baten modukoa". Izan ere, duela gutxi berrartu dituzte entseguak Zarautz Abesbatzakoek, talde txikietan bilduta, "neurriak zehatz-mehatz jarraituz". Hala ere, pozik azaldu dira abesbatzako kideak, egoera hobetzen ari delako eta berriro ere kantatzeko abagunea dutelako.