Ez dute positiborik atzeman Zarautzen

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 17a, 13:09

Eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean Zarautzen dago egoerarik onena, 51,40ko intzidentzia tasarekin. Hego Euskal Herrian, guztira, 236 izan dira detektatutako kasuak.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzte atzo, asteazkena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Urola Kostan, orotara, bost kasu positibo hauteman zituzten. Azpeitian zenbatu zuten kasu gehien; hiru, hain justu ere. Emaitza positiboak zenbatu dituzten beste herria Zumaia da; bi kasu zenbatu dituzte han. Intzidentzia tasek zertxobait gora egin dute herri horietan: 256,24koa da Azpeitian, eta 234,05ekoa Zumaian –243,10eko eta 223,87ko tasak zituzten atzo, hurrenez hurren–.  

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman. Azkoitia eremu gorritik atera zen atzo, eta beherantz jarraitzen du tasak: 317,12ko tasa dute gaur-gaurkoz, eta eremu laranjan dago herri hori. Orion, bestalde, 130,46 da kasu metatuen tasa, eta eremu laranjatik horira igaro da. Zarautzen dute 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena, 51,50ko tasarekin, eremu berdean dago. Aizarnazabalen –260,08– eta Getarian –141,34– eta Zestoan –26,68– atzoko tasa bera mantentzen dute. Egoerarik honena Aian eta Beizaman dute, hutsean mantentzen baitute intzidentzia tasa. 

Ospitaleetako egoerak, hobera

Hego Euskal Herrian 9.141 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 236 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zuten kasurik gehien (115), eta ondoren, Nafarroan (469, Gipuzkoan (38) eta Araban (28). Positibotasun tasa % 2,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 3,2koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. Herenegun 138 gaixo zeuden Osakidetzaren mendeko erietxeetan izurritearen eraginez, eta 122 ziren atzo. Horietatik 53 daude ZIUetan.

COVID-19ren aurkako neurriez hitz egiteko Labi batzordearen bilera deitua du biharko Iñigo Urkulluk. Neurriak arintzea aztertuko dute, eta bide hori hartuko balute, astelehenetik aurrera izango lirateke indarrean neurriok.