Larunbatean abiatuko dira ETE eta KAE ligen traineru denboraldiak, Pasaian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 17a, 16:00

Eskualdeko bost traineru murgilduko dira traineru denboraldian asteburu honetan. Zarautz-Gesalaga-Okelan taldeak lehen aldiz ureratuko du emakumezkoen trainerua.

Pasaian (Gipuzkoa) hasiko dute traineru denboraldia KAE eta ETE ligetako arraunlariek etzi. Hamahiru elkartek hartuko dute parte aurten KAE 1 ligan, eta tartean izango dira Orio, Zumaia eta Getaria. Zarauzko elkartearen gizonezkoen bigarren taldeak, berriz, KAE 2 ligan hartuko du parte. ETE ligari dagokionez, 11 traineru ureratuko dira aurten, eta tartean izango dira Zumaia eta Zarautz. Maila gorenetako lehiak, TKE eta Euskotren ligak, berriz, uztaileko lehen asteburuan hasiko dira.

Zarauztarrak, «gogotsu»

ZAEko emakumezkoen taldearentzat oso berezia izango da aurtengo denboraldia, izan ere, lehen aldiz aterako da lehiara osatu berria den Zarautz-Gesalaga-Okelanen emakumezkoen trainerua. Ligari tenperatura hartzeko estropada jokatu zuten iragan asteburuan, eta uretara «urduri» joan baziren ere, «eroso» sentitu zirela azaldu du Onintza Olaizola Zarauzko entrenatzaileak. 

Izan ere, «helburu finkorik» ez dute Zarauzko emakumeek, eta talde berria denez, ez zekiten ligan zein izango zen beraien lekua. Asteburuko estropadan, ordea, «hiru talde atzetik» uztea lortu zuten, eta gustura geratu ziren emaitzarekin. «Orain, urduritasuna baino, gogoa daukagu», adierazi du Olaizolak. Izan ere, erronkaz betetako hilabeteak izan dira urriaz geroztik arraunean hasiberriak diren zarauztarrentzat, eta larunbateko Pasaiako estropada «erronka bat gehiago» izango da. Uste dute «azken postuetan» ibiliko direla ligan, eta xedetzat dute «barruan» egotea. «Helburua da behintzat aurkari zuzen batzuk izatea, ez azkena geratzea zintzilik, alde handiarekin», jakinarazi du. «Orain ikusi dugu hiru horiekin behintzat lehia izango dugula, eta izango dugula gure txanda irabazteko aukera, edota bigarren txandara sailkatzekoa». 

Egutegia

  • Ekainak 19, larunbata:
    17:00. Tolosaldeko II. Ikurriña (ETE) Pasai San Pedron.
    18:15. Pasaiako XXXVI. Ikurriña (KAE 1), Pasai San Pedron.

  • Ekainak 20, igandea:
    11:20. Andoni Galarragaren oroimenezko estropada, Getarian.

  • Ekainak 27, igandea:
    10:10. Pasaiako VIII. Ikurriña (ETE). 
    11:20. V. Adegi-Fabrika bandera (KAE 1).

  • Uztailak 3, larunbata:
    16:30. Donibane Lohizuneko IV. Estropada (ETE).
    17:30. Donibane Lohizuneko XXIX. Estropada (KAE 1).

  • Uztailak 4, igandea:
    10:00. Sestaoko Udalaren III. bandera (ETE).
    11:30. Sestaoko Udalaren XX. bandera (KAE 1).

  • Uztailak 10, larunbata:
    17:00. Camargoko Udalaren XXIX. Bandera (KAE 1).
    Zehaztu gabe. Donostiarra bandera (ETE).

  • Uztailak 11, igandea:
    12:00. Isuntzako bandera Lekeition (ETE).

  • Uztailak 17, larunbata:
    12:00. Zumaiako XXXVI. Ikurrina (KAE 1). 
    18:00. Zumaiako Ikurrina (ETE).

  • Uztailak 18, igandea:
    12:00. Orio Kanpina III. Bandera (KAE 1).
  • Uztailak 24, larunbata:
    16:45. Marina de Cudeyo Gran Premio Dynasol XVI. Bandera (KAE 1).

  • Abuztuak 1, igandea:
    11:15. Errenteria Hiria Emakumeen Traineru Elkartea III. bandera (ETE). 

  • Abuztuak 7, larunbata:
    12:00. Ondarroako XXXVII. Bandera (ETE).
    17:30. Real Astillero de Guarnizo XVII. Bandera (KAE 1).

  • Abuztuak 8, igandea:
    11:30. XII. Getariako Estropada (KAE 1).

  • Abuztuak 14,  larunbata:
    12:00. Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen I. Ikurriña. (ETE).
    18:00. Castroko Bandera (KAE 1).

  • Abuztuak 15, igandea:
    11:30. ETE-Ciudad Castro Urdiales bandera (ETE). 
    12:15. Ciudad Castro Urdiales bandera (KAE 1).

  • Abuztuak 21, larunbata:
    16:50. Plentziako XXXII. Ikurriña (KAE 1).

  • Abuztuak 22, igandea:
    16:00. Ane Aizpuru Basterretxearen Oroimenezko I. Estropada (ETE).
    16:45. Bilbo Hiria estropada (KAE 1).

  • Abuztuak 28, larunbata:
    18:00.  Erandioko XXXIV. Bandera (ETE).