Ormazabalen oroimenez

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 18a, 09:30

Ispilu Arte kultur elkarteak ekimen sorta antolatu du Iñigo Ormazabal zena omendu nahian. Gaur arratsaldean bere margolanen erakusketa zabalduko dute.

Iñigo Ormazabal zenaren figura eta lana presente edukitzeko asmoz, haren omenezko hainbat jarduera antolatzeko ekimena izan du Ispilu Arte kultur elkarteak. Donostiarra jaiotzez, baina aspalditik zarauztartua, 69 urterekin zendu zen urtarrilaren hondarrean, herrian eta kanpoan bere arte arrastoa utzita. Orain, bere gertukoek bere oroimena bizirik jarrai dadin nahi dute, eta omenalditxoak izango diren egitasmo sortetan hartuko dute parte.

Gaur arratsaldean izango da estreinakoa. Artistaren margolanak biltzen dituen erakusketa inauguratuko dute, 19:30ean, Ispilu Arte galerian, eta Tormenta musika taldeak girotuko du ekitaldia. Ispilu Arteko zuzendari Leticia Eizagirrek azaldu duenez, ez da erakusketa antologiko bat izango, galeriak ez duelako askorako ematen. «Saiatu ginen erakusketa areto batean antolatzen, baina nonbait datak hartuta zeuden», zehaztu du. Edonola ere, margolariaren azken zortzi urtetako ibilbidea hartzen duen lagin esanguratsua da; hau da, kromatismo ilunago batetik azken etapako aldi koloretsuago eta figuratiboago horretara arteko lanak daude ikusgai.


Murala interpretatzen

Bihar, larunbatean, 12:00etan hasita, Ormazabalen omenezko murala margotzen hasiko dira, eta  hamabi artista hauen artean egingo dute: Josean Legorburu, Antonio Peña, Iñigo Manterola, Asier Laspiur, Aitor Sarasketa, Mertxe Arana, Vicky Claramunt, Lola Sarratea, Marian Aranburu, Monika Gutierrez, Ainize Txopitea eta Iñaki Ruiz de Egino. Horrek ez du esan nahi denak batera ariko direnik aldi berean margotzen, baizik eta txandaka jardungo dute banaka zein binaka . Jendaurreko ordutegian ariko dira lanean, ostegunetan eta ostiraletan 19:30etik 21:00etara, eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara. 

Izenbururik ez duen Ormazabalen koadro batean oinarrituko dira murala egiterakoan, eta artista bakoitzari zati bat egokitu zaio. «Margolan hori ez da kopiatuko, interpretatu egingo da. Helburu jakin bat du, noski. Jendeak ikusten duenean berehala Iñigoren obra bat dela ohartzea. Alde horretatik, errespetatu egin behar da», jakitera eman du Eizagirrek. Duela urte batzuk antzerako ariketa bat egin zuten Picassoren Gernika obrarekin, bere jatorrizko tamainan, eta jendeak bertatik bertara ikusi ahal izan zuen ekoizpen prozesu osoa. 



Murala margotzen hasiko diren lehenak Josean Legorburu eta Iñaki Ruiz de Egino izango dira, larunbat goizean bertan. Kultur elkarteko kideek egindako aurreikuspenen arabera, hiru astetan osatuko dute proiektu kolektiboa, eta, ondoren, gutxienez urtebetez Ispilu Arten bertan edukiko dute erakusgai. «Momentuz, oso presente eduki nahi dugu geure artean. Gero, norbaitek nahiko balu, interes publikoa duena betiere, hitz egingo genuke», nabarmendu du Eizagirrek.

Artearen leihoetatik harago, Ormazabalen alde ludikoa eta bizizalea ere oroitu nahi dute. Hori horrela, hilaren 26an Iñigo Pintxoa aurkeztuko dute, Gure Txokoa jatetxeko Joxemari Mitxelena sukaldariak egoerarako propio sortua. Txakolinaz lagunduta, mokadua dastatzeko parada izango da 12:00etatik aurrera. Gainerakoan, apurka-apurka iragartzen joango diren beste ekimen batzuk ere prestatzen ari direla jakitera eman du ispilu Arteko zuzendariak; hala nola, egilearen argazki proiekzioa eta lagunarteko solasaldia.  


Jarrera solidarioa

Ispilu Artek eskaintzen diona «merezitako omenaldia» dela azpimarratu du Eizagirrek: «Zarautzen bizi zen prestigio handiko margolaria izateaz gain, oso solidarioa zen, eta deitzen zioten gauza guztietan hartzen zuen parte. Motibo askogatik merezi du aitortza herrian». Ispilu arterentzat asko suposatu duela gaineratu du, gainera. «Oso zaila da galeria bat aurrera eramatea, eta berak egin ditugun erakusketa guztietan lagundu zigun. Bere jarrera hori izan zen beti».