Youtubera igotzen dituzun bideoblogetan, euskal kulturaren alorrean argitaratzen diren edukiak ezagutarazten dituzu. Ezkutuan al daude horietako asko?
Ez dugu ideiarik ere. Spotifyra sartzerakoan, erreferentzia kopuru handi bat datorkit burura, baina, horien artean, ez da sekula egiten euskal kulturaren aipamenik. Prentsa hartzen badut, Gipuzkoan gehien irakurtzen den egunkarian ez dago ia euskal kulturarekiko erreferentziarik. ETB2-n ere, euskara ez da ia existitzen. Euskararen inguruan sortzen ari dena jasotzeko esfortzurik egiten ez badugu, ez zaigu ezer ere iritsiko. Euskarari erresonantzia kaxa handi bat falta zaio, sortzen diren lanak zabaltzeko balioko lukeen tresna bat. Ikasle eta irakasleekin garbi ikusten da ez dakigula zer liburu, abesti edo antzerki dauden. Gainera, antzerkiari dagokionez, urrezko aro bat bizitzen ari garela uste dut; literaturan sortzen ari diren lanak ere oso ederrak dira, eta musika potentea atera da. Beti nabarmentzen dira batzuk, baina, horien atzean, lan eta sortzaile gehiago ere badaude.
Ezagutuko duzu orain booma jo duen taldea, Chill Mafia. Zer iruditzen zaizu?
Niri zoriontzekoa iruditzen zait horrelako lanak ateratzea. Badirudi ondo pasatzeko egiten dituztela kantak, baina atzetik formazio handiko sortzaileak daude. Bideoklipak oso landuak daude, ulertzen dituzte garaiaren koordenatuak… Hala ere, horrek ez du esan nahi egiten duten guztia txalotuko nukeenik. Izan ere, feminismoaren ikuspegitik, uste dut irudi batzuk pixka bat garaiz kanpokoak direla. Hala ere, pasada bat da. Euskararen periferiatik sortutako lanak kontuan dituzte, Iparraldea kontuan dute... Elkarrizketa batean esan zuten zalantza dutela zein duten gogokoen, Jon Mirande ala Gabriel Aresti. Barkatu? Horrek esan nahi du irakurri dutela eta formatu direla. Oxala horrelako gehiago sortuko balira. Euskararen eta gaztelaniaren arteko lotura horretan, uste dut konplexu horiek kendu behar ditugula, eta haiek naturaltasunez egiten dute, jende asko erakartzen ari dira. Biba Chill Mafia!