Ekainaren 29an hasiko da aurtengo Kalerki jaialdia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 19a, 09:25

Emanaldi guztiak Munoa plazan izango dira edukiera mugatuarekin, eta gonbidapenak egunean bertan hartu beharko dira Modelo aretoko leihatilan. Horrez gain, Antzerkia Familian programak jarraipena izango du udan ere, Villa Manuelako frontoian.

Aurten ere antzerkiak hartuko du herria astebetez uda hasieran. Oraindik ere osasun egoera dela-eta zuhur jokatu behar denez, ez da ibiltaria izango aurtengo Kalerki, eta emanaldi guztiak Munoa plazan izango dira. Ekainaren 29tik uztailaren 4ra bitartean, dantzaz, zirkuaz eta bestelako ikuskizunez gozatzeko beta izango da iluntzeetan. 20:00etan izango dira emanaldi guztiak, ostiralekoa eta larunbatekoa izan ezik; horiek 22:00etan izango dira. Horrez gain, Antzerkia Familian programak jarraipena izango du udan, eta datozen asteetan Villa Manuelako frontoian izango dira etxeko txikienentzako ikuskizun horiek.

Xabier Txurruka alkateak eta Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak eman zuten egitasmoen berri atzo. Alkateak adierazi zuen egungo egoerak "aldaketak" ekarri dituela jaialdira eta, besteak beste, "ikuskizunen espazioak egungo osasun neurriak betetzeko eta aforoak bermatzeko moldatu" dituztela.

Sei konpainia gonbidatu dituzte aurtengo Kalerkira. Horietatik lau Euskal Herrikoak dira, bat Burgoskoa (Espainia) eta bestea Kataluniakoa (Herrialde Katalanak). Seitik hiru ikuskizunek dantza izango dute ardatz, bik zirkua, eta batek antzerkia. Konpainia ezagunak nahiz hasiberriak etorriko dira, eta nabarmentzekoa da Zarauzko Berdinki konpainiaren Mikra lana ikusteko aukera egongo dela. "Azken batean, gustu guztietarako programa anitza osatu dugu", azaldu du Aizpuru Kultura teknikariak.

  • Ekainaren 29an, Berdinki konpainiaren Mikra, 20:00etan.
  • Ekainaren 30ean, Trapu zaharraren Turistreatzen, 20:00etan.
  • Uztailaren 1ean, Tiritirantesen Ulterior... bidaia, 20:00etan.
  • Uztailaren 2an, Kukai dantza taldearen Kirol legez, 22:00etan.
  • Uztailaren 3an, Hika teatroaren eta Oinkari dantza taldearen Gazte, 22:00etan.
  • Uztailaren 4an, Cia Moveoren Echoes, 20:00etan.

Antzerkia familian

Modelo aretoan igandeetan egin den programak jarraipena izango du udan, Villa Manuelako pilotalekuan. Uztaileko eta abuztuko ostegunetan 19:00etan izango dira ikuskizunak, guztira, zazpi.

  • Uztailaren 8an, Porrotx eta Marimototsen Zorionak Marimotots
  • Uztailaren 15ean, Electrico28ren Full house
  • Uztailaren 22an, Mireia Miracle Company-ren Rojo
  • Uztailaren 29an, Goitiberaren Yihaaa!
  • Abuztuaren 5ean, Lankuren Hor konpon Marianton!
  • Abuztuaren 19an, The Funes Troup-en Aukerak
  • Abuztuaren 26an, Potx eta Lotx pailazoen Etxean

Bi jaialdietarako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira emanaldiaren egun berdinean Modelo aretoko leihatilan, 18:00etatik aurrera. Sarrerrik soberan geratuko balitz, emanaldia egingo den gunean ere banatuko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, Kalerkiko emanaldiak Lizardi pabilioira pasatuko dituzte, eta Antzerkia Familian programakoak, aldiz, Modelo aretora edota Gaztelekura.