Xabier Txurruka: "Itxasmendi ondoan babestutako etxebizitza dezente egin nahi ditugu"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 24a, 09:00
(Amaia Urbieta Arruti)

Bigarren agintaldiaren erdia bete berri du alkatetzan Xabier Txurrukak (Zarautz, 1973), EAJ alderdiarekin. Igarotako bi urte zail hauen errepasoa egin du, eta udalak aurrera begira dituen asmoak aletu ditu. 

Esaldi batean, nola definituko zenuke igaro berri den agintaldi erdia?

Etenik gabeko urte eta erdi oso gogorra izan da, pandemiak baldintzatua.

Ataka hartan, pandemiaren erdian, zer lehentasun markatu zenituzten erabakiak hartzeko?

Garbi ikusi genuen Gizarte Politiketako departamentua indartu behar genuela. Goizetik gauera aldatu genituen gure aurrekontuetako lehentasunak. Behar ziren laguntzak bideratu genituen, ez genuen mugarik jarri, beharra daukan orori laguntza emateko prest agertu ginen. Bestalde, etorkizuneko proiektuei eta behar nagusiei ere heldu diegu. Bi alde horiek zaintzen egon gara. 

Momentu kritikoenetik pasatu da urtebete inguru. Erabakiren bat hartu izanaren damurik baduzue? 

Egia esan, Zarautzen kutsatu kopurua ez da oso asaldagarria izan azken olatura arte. Orduan, nik uste dut hartu beharreko erabakiak hartu direla une oro, eta zailtasunak zailtasun, ez zait burura etortzen ezer beste era batera egingo nukeena. Garaian garaiko erabakiak hartu behar dira, eta hartu genituen: merkatu plaza zabalik mantentzea, zalantzak zalantza; edota iaz hondartzan jarri genituen itxiturak, jendeak itsusiak zirela zioen, baina segurtasuna bermatu behar genuen lehenik eta behin. Presaka hartu behar genituen erabaki asko, eta hartu genituen esku artean genituen baliabideak erabilita. Aurten denbora gehiagorekin txukunago jarri dugu [malekoia], estetika pixka bat zainduta. 

Iazko erabakiak oso bat-batekoak izan ziren. 

Iaz, egun honetan [ekainaren 17an egin zen elkarrizketa], kutsaturik ez genuen izan hilabete oso batez. Santamarinetatik sanpelaioak pasa arte, ez zen kutsaturik izan Zarautzen. Horregatik antolatu genuen ekitaldi xume hori sanpelaioetan. Aurten esan dugu ez dugula ezer egingo, tantaka-tantaka badaudelako kutsatuak. 

Guk iaz garai honetan pentsatzen genuen udarekin joan egingo zela kontua, eta justu kontrakoa gertatu zen. Uztaila eta abuztu hasiera larriak izan ziren. Hor ikasi genuen hau ez zela pasatu. Orain, txertoa hedatzen den heinean, ikusten dugu egoera bestelakoa izan daitekeela, baina, hala ere, iaz ikasitakoagatik, aurten zuhurtziaz jokatu behar dugu erabakiak hartzerakoan. Txertoak laguntzen du, baina uste dut aurtengo uda iazkoa baino lasaiagoa izan daitekeela. 

Proiektu Estrategikoen Saila sortu duzue duela gutxi. Zer behar asetzera dator?

Ikusten dugu pandemia ondoren aktibatuko direla hainbat laguntza, hainbat inbertsio aukera gobernuetatik. Udalak, nolabait, egoki kokatuta egon behar du. Prestatuta egon behar dugu etorri daitezkeen laguntza eta aukeretan izena eman eta hortik inbertsioak jasotzeko.

Egunerokoan murgilduta ginen, pandemiak sortutako beharrei erantzuten eta martxan dauzkagun proiektu garrantzitsuak zaintzen, baina ikusten genuen norbait behar genuela etorkizunera begira beste proiektu batzuk martxan jartzeko eta birgaitze prozesu horretan antena jarrita edukitzeko, zinegotzi bat. Birmoldaketa bat egin genuen agintaldi erdira begira, eta horretan ari gara.

"Ez du zentzurik herri bakoitza bere plaka fotoboltaikoak eta bere azpiegiturak egiten hasteak"

Etorkizuneko Zarautz nolakoa izatea nahi dugun pentsatzen ari gara, eta Zarautz 2020-2030 plan estrategikoa zutabe gisa hartuta, horren inguruan hainbat gai landuko dira. Hirigintzatik baino askoz harago doan gaia da, herri eredua, nolako balioak nahi ditugun, zer izan nahi dugun etorkizunean...

Trantsizio energetikorako, esaterako?

Adibidez. Hori ari gara Jaurlaritzarekin hitz egiten, baita bailara mailan ere. Herri batzuek beren bidea aurreratu dute, edo adierazi dute borondatea martxan jartzeko horrelako proiektu bat. Guk uste dugu, azken finean, bailara mailan badagoela masa kritikoa elkarrekin horrelako proiektuei heltzeko. 

Zarautz, 23.300 biztanlerekin, bada zerbait, bailaraburu izan daiteke, baina ez da nahikoa energiaren inguruko proiektu potente bati bere baitan eusteko. Guk uste dugu inguruko herriekin hitz egin behar dela, eta mankomunitatea izan daiteke horretarako fororik egokiena. Izan daiteke bailaratik harago ere. Azkenean, Gipuzkoa txiki samarra da biztanle aldetik, eta horrelako azpiegiturak egiteko espazio egokia behar da. Ez du zentzurik herri bakoitza bere plaka fotoboltaikoak eta bere azpiegiturak egiten hasteak. Gure planteamenduak ikuspegi zabalagoa du. Ez dakit guk heldu beharko diogun Zumaian jartzen den parkeari, Aian berri bat sortu beharko den bailara guztirako, edota Azpeitian jartzen denak balioko duen bailara osorako... hausnarketa hori herri bakoitzak egin behar du, noski, baina soluzioak proposatzerakoan, bakoitzak bere zilborrari begiratu beharrean, ikuspegi zabalagoa behar dela uste dut; bailara mailakoa, gutxienez, ez bada probintzia osokoa.

Santa Klara komentua erosteko hitzarmena ere iragarri zenuten. Zer puntutan dago prozesua?

Sinatzeke dago. Azken xehetasunak falta dira. Utziko diguten ondarea jasota eta finkatuta utzi nahi dute mojek. Orain memoria bat egiten ari dira ondare guztiarena. Guk guztia erosten dugu, baina ondare hori zaintzeko konpromisoarekin.

Horrek mugatu egingo al du bertan egin daitekeena?

Ez dut uste. Azken finean, eraikinak eraikinak dira eta hor dauden retablo eta koadroak bere parte dira, etorkizunean egiten denak horrekin bateragarria izan beharko luke. Ezagutzen ditugu horrelako eraikinak orain erabilera kulturala dutenak, eta ez da arazorik egoten. Dena ondo bidean, uda honetan sinatu beharko genuke salerosketa.

Zer ideia duzue buruan Santa Klararako?

Santa Klara da hiru eraikinak eta buelta guztia. Guk garbi daukagun gauza bakarra da parke horrek eta eraikinaren erabilerak publikoa behar duela izan. Hori da abiapuntua. Publikoa izanik, parkearen erabilera ahalik eta irekien eta zabalena egin nahi dugu. Salberdingo hirigintza prozesu guztia gauzatzen denean, Santa Klarak eta Salberdingo parkeak bat egingo dute eta Zarautz erdian geratuko da izugarrizko garrantzia izango duen berdegune zabala. Aukera asko ikusten ditugu hor. Tren estazio berria eta azpiko pasabidea gauzatzen direnean, lotuta geratuko dira Gaztainpe, Villa Munda, Santa Klara eta Salberdin. Nik hirigintza aldetik garrantzia handia ematen diot, izugarrizko buelta emango du datozen bizpahiru urteetan; parke hori ikusgarria izango da benetan.

"Ez dago inola ere finkatuta zer izan daitekeen Santa Klara"

Eraikinen inguruan, berriz, hitz egin behar dugu zer egin nahi dugun Zarautzen ekipamenduekin. Hainbat eraikin dauzka udalak: liburutegia, Villa Munda, Ebro Etxea... Erabakiak hartu beharko ditugu zarauztarrekin elkarlanean; beharrak badaude. 

Kulturara bideratutako azpiegitura falta al da Zarautzen?

Duela hamarkada dezente kiroldegirik ez zegoen Zarautzen. Eskubaloi taldeak Munoan jokatzen zuen. Kiroldegia egin zen, eskubaloi taldea hara pasatu zen, igerilekua ere bertan egin zen eta kirolak nolabait finkatu zuen bere lekua. Kirol ekipamendu aldetik sendotu den bezela, Zarautz hazi da kultur ekipamenduen aldetik ere, baina geneuzkan baliabideek sakabanaketara eraman gaituzte. Eraikin hoiek geneuzkalako, eta horietan moldatu dira kultura erabilerak. 

Orain Santa Klara sartzen da, eta abanikoa erabat zabaltzen da. Gaur arte daukagun ereduak funtzionatzen du, baina egia da Zarautz hazten doan heinean zabalpena eskatzen duela. Liburutegia txiki geratu da, musika eskola sendo ari da funtzionatzen... Hori guztia bateratu daiteke Santa Klaran? Aukera bat izan daiteke, eta kulturak izan dezala egoitza bat, kirolak duen bezala. Izan daiteke, baina ideia bat da, beste askoren modukoa. Iritsiko da unea hori mahai gainean jartzeko eta eztabaidatzeko; ez dago inola ere finkatuta zer izan daitekeen Santa Klara.

Aldaketa handiak ekarriko ditu Errotaberriko proiektuak herriarentzat. Agintaldiaren amaierarako nola egongo da?

30 urtez egon dira udal honetan Errotaberri garatzeko asmoak. Zarautz beti turismora eta zerbitzuetara bideratuta dagoen herria izateaz gain, enpresak bazeuden eta badaude, beharrak dituztenak. Bombas Itur, esaterako, oso egoera larrian zegoen, uholdeengatik. Beren kezka azaldu ziguten enpresakoek, eta ultimatum moduko bat ere jaso genuen. Oso kezkatuta zeuden Alemanian, KSBko nagusiak, eta, hemen ezin bazen, beste kokapen egokiago baten bila jarriko zirela esan ziguten.

Nahikoa zailtasun topatu genituen hasieran. Faseka, zatika bideratu ditugu proiektu guztiak, eta uste dut horretan asmatu dugula; bai Salberdinen, bai Errotaberrin. Azken horrek inbertsio handia suopsatzen zuen, eta pixkanaka ikusten ari gara nola gauzatzen ari den. Hasi ginen erreka inguruan egin beharrekoekin, URA ere sartu zen, eskerrak eman behar zaizkio Eusko Jaurlaritzari, izan ere, asko borrokatuta, baina iritsi ziren laguntzak. Erreka atera genuen Bombas Itur azpitik, eta orain lasaiago egiten dugu lo atzo gauekoen moduko euriteak direnean. 

Turismo eta zerbitzuak garrantzitsuak dira eta izango dira Zarautzen, baina industriari bultzada eman nahi genion, eta behin eta berriz aipatu dugu Errotaberri horretarako gako nagusia zela. Guk espero dugu urtebete barru, datorren urteko udarako, urbanizazioa bukatutzat emango dela. Horren ondoren, enpresak hasiko dira beren pabilioiak egiten. Gutxi batzuk kanpokoak izango dira, baina gehienak Zarautzen egoera ez horren onean egonda eutsi diotenak dira, eta orain hazteko aukera ikusi dutenak. Lortu dugu Zarautzen geratzea enpresa horiek, ikusi dutelako Errotaberri errealitate bat dela. Agintaldi bukaerarako, ikusten dut partzela batzuk martxan egongo direla, eta beste pabilioi batzuk eraikitzen ariko dira.

Eta Salberdin?

Uste dut Aritzbatalde egin zenetik tamaina horretako hirigintza prozesurik ez dela garatu Zarautzen, eta gaur egun Gipuzkoan dagoen promozio garrantzitsuenetakoa izango da, bolumen aldetik. 1.065 etxebizitzetatik 575ek babes maila ezberdinak izango dituzte. Logela bateko apartamentuak egongo dira alokairuan, oso prezio egokian. Babes ofizialeko etxebizitzak egingo dira alokairuan, baita jabetzan ere. Etxebizitza tasatuak egingo dira jabetzan. Oso-oso abaniko zabala egongo da etxebizitza behar desberdinei erantzuteko. Beharra badago. 

"Mila etxebizitza egitea, erdia baino gehiago babestutakoak, pauso handia da"

Atzo bukatzen zen R3 partzelan izena emateko epea, eta 850 eskaera inguru egin dira, denak zarauztarrenak. Lanpardon ere alokairu sozialeko 30 apartamentu egiteko lanean ari gara Jaurlaritzarekin, eta Iñurritzan ere egingo dira babes ofizialeko etxebizitzak. Badakigu beharra handia dela, eta saiatzen ari gara gure plana gauzatzen.

Etxebizitza eskuratzea arazo da, batez ere, gazteentzat. Salberdingo proiektuak eta martxan diren gainontzekoek asetuko al dute behar hori?

Behar desberdinei erantzuten die. Zarautzen urte askoan ez dira babestutako etxebizitzak egin. Gogoan dut gu iritsi ginenean gobernura, aurreko lau urteetan sei etxebizitza tasatu zozkatu zirela. Seiren ondoren, seiehun inguru egingo ditugu; bada aldea. Horrek konponduko du etxebizitzaren prezioen arazoa? Ez dakit. Baina, hein handi batean, zarauztarrek erosi dute Salberdin, nahiz eta entzuten den kanpotarrak etorriko direla, bigarren etxebizitzak izango direla... Beharra badago? Bai. Mila etxebizitza egitea, erdia baino gehiago babestutakoak, pauso handia da. 

Etorkizunerako beste proiektu batzuk badauzkagu. Orain berrituko dugu Irita eremuaren hirigintza berrikuspena. Itxasmendi ondoan babestutako etxebizitza dezente nahi ditugu egin, etorkizunerako poltsa bat uzteko. Amillubi-Irita eremua industriagune izateari utzi, parkea berreskuratu, brigada dagoen lekuan estazio berria egin, eta autokarabana gunea egin nahi genuen lekuan, itxasmendi ondoan, babestutako etxebizitzak egiteko asmoa dago. Hori martxan jarri nahi dugu etorkizunean, hurrengo udalek izan dezaten poltsa bat. Hauek [EAJren aurretik gobernuan izan zirenek] egin zuten Salberdin, eta ez zuten harago egin. Etorkizuneko zarauztarren etxebizitza beharrei erantzuteko poltsak ere landuko ditugu. 

Horretarako, zer pauso eman behar dituzue Iritan?

Oinarriak eta pleguak prest ditugu lehiaketara ateratzeko proiektua idaztea. Errekaren eta Itxasmendiren arteko eremua da Irita, eta hori zegoen plan orokorrean finkatuta industria mota arina garatzeko. Hori bertan behera geratu da uholdegarritasun arazoak medio, eta berreskuratu egin dugu gune librea, errekaren ingurua. Polo teknologiko hori egiteko aukerarik ez zegoela jakinda, akordio batera iritsi ginen Jaurlaritzarekin: trukatu genituen horko partzelak Errotaberrikoekin; Iritan zeukana Jaurlaritzak, gaur egun Errotaberrin dauka, eta udalak Iritako eremua eskuratu du.  Orain, udalak prozedura martxan jarri behar du Irita aldatzeko polo teknologiko izatetik, berdegune zabal izatera, naturgune izatera, inguruan etxebizitzak egiteko. Plangintza aldatzeko proiektua idaztea aterako dugu lehiaketara. 

Alokairu sozialak egingo dituzue Lanpardon. Nola doa prozesua?

Bi urte bete dira lehenengo partehartze prozesu deialdia egin genuenetik. Lehen aldiz aurkeztu genuen orduan alokairu sozialen proiektua, eta adibide honekin argi ikusten da zenbat denbora hartzen duten hirigintza prozesuek. Oraindik ez diogu hasierako onespena eman, baina ematera goaz berehala. Bitartean, proiektuak jaso du Jaurlaritzaren onespena, Ingurumenarena... tramite guztiak martxan egon dira. Zaila da, gero eta gehiago kostatzen da edozein plan gauzatzea, berme guztiekin egin behar delako. 

 

TAO ordenantza berria martxan da duela gutxitik. Baloraziorik egin al duzue? 

Lehen inpresioa ona da, egun batzuk soilik martxan ikusita. Bertakoentzako finkatu dugun aparkaleku kopuru hori kezka zen. Guk uste dugu sinplifikatu beharra zegoela, Zarautzen zazpi gune izatea arautuegi egotea zelako. Iker Basurkok [Mugikortasun zinegotzia] lanketa egin zuen, eta erabaki genuen probatzea, probatzen ez bada ez delako asmatzen.

Donostiako Amara auzoak adina biztanle ditu Zarautzek; herri bat da. Udan jende asko etortzen da, baina herritarrentzat bideratu beharra geneukan hori. Jendeak kezka zuen ea beste auzoetakoak joango ziren Azken Portura aparkatzera, baina guri orain arte iritsi zaiguna da aldaketa onurarako izan dela. Aurreko igandean inork espero ez zuen jende andana etorri zen, eta Azken Portukoek aparkatu ahal izan zuten. Mendilautakoek ere bai, eta kanpotik datozenentzat goiz bete ziren aparkaleku denak. Aiziazpi eta Frantseskua beteta ikusi ditugu, baina Aritzbatalden oraindik bazegoen lekua. Uste dugu uda horrela joango dela.

Aparkaleku gehiago egitea ere mahai gainean duzue.

Bai, planaren aldaketa enkargatuta dugu, 400 aparkaleku inguru egiteko lehen Arronako aparkalekua zen horretan, lurrazpian. Fisikoki tokia badago; goitik berdegunea izango litzateke, Santa Klara eta Salberdingo parkeekin bat eginda, eta azpian aparkalekua.  

Agintaldi honetan zer harreman izan duzue beste udal taldeekin?

Egunerokotasunean harremana normala da. Alderdi sozialistarekin gobernatzeko akordioa daukagu, eta hori agintaldiko plana gauzatzeari lotuta dago. Plana elkarrekin adostu dugu sozilaistak eta EAJk. Alderdi sozialistaren adostasuna daukate gu egiten ari garen gauza batzuek, hasierako plangintzan adostutako gauzak direlako. Badira hortik kanpo suertatzen diren gauzak ere, agian, ados ez gaudenak. Eta gertatu da. Proiektu horietako batzuk EH Bilduren babesarekin atera ditugu aurrera, eta plangintzan jasota ez zeudenez, alderdi sozialistak publikoki agertu du bere desadostasuna. Normaltasunaren barruan ikus daiteke hori.

Egia da, orokorrean, gure plangintza aurrera ateratzen dugula sozialistekin, eta oposiziokoek esaten duge gehiengo absolutuaren rodilloa erabiltzen dugula. Plenoak ikusiz gero, esango nuke askoz gehiago direla oposizioaren abstentzioarekin edo aldekoarekin atera diren gauzak, beraiek ezetza eman dutenak baino. Egia da, gehiengo absolutuak kudeatzeko erraztasuna ematen du, baina hauspoa ere ematen digu esku artean geneuzkan eta geldirik zeuden proiektu garrantzitsuei bultzada emateko, eta emaitzak hor daude. 

Arazo bat arazo bat da, eta gu gaude herriarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko. Gure bokazioa da herritarren zerbitzura egotea eta herrian sortzen diren arazoak konpontzea da gure betebeharretako bat. Arazo bat sestra politikorako eztabaidagai bihurtu nahi denean, konplikatu egiten da. Hori gertatu daiteke, puntualki. Arazo batek konponbide erraza izan dezake, arazo den bitartean. Sestra politikora igarotzen denean arazo hori eztabaidagai bihurtzen da, eta ni saiatzen naiz sestra horretatik urruntzen, eta arazoa arazo bezala tratatzen. Ulertzen dut oposizioak bere lana egiten duela. Gu egon gara oposizioan eta, gobernuan zaudenean dituzunarekin alderatuta, bestelako lan eta jarrera motak izaten dira.

Datozen bi urteetarako beste zer proiektu dituzue esku artean?

Garrantzitsuenetakoa da Errotaberri martxan jartzea, babestutako etxebizitza promozioak egitea eta zozketak egiten joatea. Estrategikoak da, baita ere, Kortazarren hirugarren adinekoentzat egoitza egiteko plangintza prestatzea. Aldapetako eraikinean eguneko zentro bat jarri nahi dugu martxan. Behe eta lehen solairuak Santa Anari emango zaizkio eta goiko solairua, plaza mailan dagoena, aldundiari utziko diogu, behar bereziak dituzten pertsonentzako eguneko zentro bat egiteko. Lehen bi etxebizitzak udalak erosiko ditu behar bereziak dituzten eta eguneko zentroa erabiliko duten pertsona horientzat. 

Bestetik, haur parkeen berrikuntzan indarra jarri nahi dugu. Kexa asko daude, arrazoi guztiarekin, ez daudelako egoera onean. Nahi dugu plan bat egin haur parkean berritzeko. Orokietako patioan dauden haur jolasak berritu egingo dira, esleitu da obra, eta udan zehar ikusiko dugu nola naturalizatzen duten inguru hori, eta egun egiten direnen moduko parkea egiten den. Hori publikoa izango da eskola orduetatik kanpo. Horren ondoren, beste hamalau parke ere berritu nahi ditugu, eta komun autogarbigarriak jarri nahi ditugu herriko hainbat puntutan.

Udaltzaingoaren egoitzaren obra hasi nahi dugu agintaldi bukaerarako, Villa Nuria eraikinean. Asti kirolgunea zabaltzeko plangintza martxan jarri nahi dugu, eta uda honetan lehenengo partzela erosiko dugu. 

Merkatu plaza eraberritu nahi dugu datorren neguan, ea udaberrirako bukatzen dugun. Komunak berehala berrituko ditugu, eta beste kutsu bat eman nahi diogu orokorrean, baserritarrak eta postuetakoak erosoago egon daitezen. Pentsatzen dugu Alde Zaharrean daukagun altxor nagusietako bat dela. 

Mugikortasun aldetik ere zenbait aldaketa egingo dituzue.

ETSren eskutik, bi estazioen berrikuntzak egingo dira. Autobus geltoki berria egiteko plangintza martxan jarriko dugu brigadaren eraikinean, eta brigadakoak gaur egun Abendañon autokarabanak dauden lekura eramango ditugu. Bestetik, garbigune berriaren obra egingo dugu mankomunitatearekin batera. 

Mugikortasunari dagokionez, Zelai kalea eta Gipuzkoa kalea elkartzen diren lekuan, Hotel Zarauzen parean, biribilgunea egingo dugu; baita Iñurritzan ere, Gipuzkoa eta Nafarroa kalea elkartzen diren puntuan, han egingo den promozioaren barruan. Obra txikiagoak, baina garrantzitsuak direnak, ere martxan jarri nahi ditugu: Modeloko argiztapena eta soinua moldatu nahi ditugu eta Aritzbatalde kiroldegiko kantxako lurra berrituko dugu. Horiez gain, irmoa da gure konpromisoa Zelai Ondoko Bolo eta Toka elkartekoekin, ea datorren urteko aurrekontuetan sartzen dugun bolatokiaren estalkia egiteko proiektua. 

Bukatzeko, esku artean daukagu trenbide azpitik Hegoalde kalean Lapurdi eta Mitxelenea kalea batuko dituen azpibidea. Jendaurrean jarri, iritziak jaso eta, horren ondoren, oinarrizko proiektu bat gauzatu nahi dugu, ETSren oniritziarekin. Gauzagarria izan daiteke, beharra badago, eta egun dauzkagun bi azpibideen artean konexioa egiteko puntu egokia da. 80ko hamarkadan agindu zuen hori egingo zuela Zarauzko Udalak. Gure konpromisoa litzateke, herritarrek onesten badute, gauzatzea.

Nola nahiko zenuke ikusi Zarautz agintaldia amaitzean?

Etorkizunari ilusioz begiratzen diola nahiko nuke ikusi Zarautz.