Ostegunean jarriko ditu salgai Dandak sanpelaioetarako antolatu dituen ekimenetarako sarrerak

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 22a, 18:30
Lukiek taldea.

San Pelaio bezperan herri bazkaria iragarri dute Putzuzulon, eta gainerakoan, zuzeneko musika izango da bi egunetan.

Udalak ez du inolako ekitaldirik antolatuko aurten San Pelaio jaietan, «ez sinbolikorik ez bestelakorik». Halaxe iragarri zuen, hain justu ere, duela hilabete eginiko agerraldian: pandemiak eragindako egoera dela medio, zuhurtziaz jokatu beharra dagoela nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak, eta «pena handiz» baina, «ezinezkoa» dela aurten festak behar bezala antolatzea.

Danda Gazte Asanbladak, aldiz,  «modu desberdinean» bada ere, sanpelaioetarako egitarau berezia prestatu du. Beraz, udalaren egitarau ofizial baten faltan, ospakizun alternatibo bat izango da astebukaera honetan. Osasun-egoera zela eta, aurreko urtean ez zuen San Pelaio jaietarako egitaraurik antolatzerik izan gazte asanbladak. Urte honetan, ordea, data horietan «zer egin eta zer gozatu» egongo dela jakinarazi dute. Putzuzulo gaztetxean izango dira sanpelaioetako ospakizunak, bi egunez jarraian; hain zuzen ere, ekainaren 25ean eta 26an.


Bezperatik hasita

San Pelaio bezperan ekingo die ekitaldiei, hilaren 25ean, ostiral honetan. Dandak herri bazkaria egingo du gaztetxean, 14:00etan hasita. Horren ostean, 17:00etan, Bermuda Kolektiboko DJ zarauztar gazteek girotuko dute Putzuzulo, bazkalostea animatze aldera. Hurrengo egunean, San Pelaio egunerako, beste bi kontzertu antolatu dituzte. 18:00etatik aurrera, Putzuzulo doinu dantzagarriz beteko du Txiltxoko bikote oiartzuarrak. Ordubete geroago, 19:00etan, Lukiek taldeak astinduko ditu hormak, bere rock alternatiboarekin.

Osasun-neurriak beteko direla eta sanpelaioetako ekimenetako edukiera mugatuta egongo dela azaldu dute Dandako kideek sanpelaioetarako antolatu dituzten ekimen horietarako.  Era berean, jakinarazi dute ostegun honetan bertan jarriko dituztela salgai aipatu ekintzetako sarrerak. Putzuzulon erosi beharko dira tiketak, 16:00etatik aurrera.