Diru laguntza eskaerak egin ditzakete euskara ikastaroak egin dituztenek

Eskaera-orriak Herritarren Arreta Zerbitzuan  aurkeztu behar dira, eta epea uztailaren 5ean bukatuko da.

Zarauzko Udalak diru laguntzak emango dizkie 2020-2021 ikasturtean zehar euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak egin dituzten zarauztarrei. Zarauztarren %74a elebiduna da, eta udalarentzat garrantzitsua da kopuru horri eustea eta "ahal bada gehitzea". Hori horrela, laguntzak emango ditu, izan ere, elebidunen kopurua handitzea baita udalaren helburu nagusia.

Aurtengo ikasturtean euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak egin dituzten herritar heldu orok jasoko dute diru laguntza. Horretarako, ezinbestekoa izango da ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea, eta ikastaroan eskainitako orduen %80 hartzea gutxienez.

Eskariak Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ, Kale Nagusia, 29) aurkeztu behar dira, udalak horretarako jarriko dituen eskaera-orriak baliatuta. Uztailaren 5a bitartean eskatu ahal izango da. Informazio gehiagorako 943-005116 telefono zenbakira deitu daiteke.