Agintaldiaren erdira iritsita, EH Bilduk zer-nolako balorazioa egiten du?
Balorazioa egiterako orduan kontuan hartu behar da pandemiaren agintaldia izan dela hau. Hori ezin da alboratu. Onartzen dugu ez dela erraza izan, erabakiak hartzen joan behar izan dugu pixka bat inprobisatuz edo ezjakintasun baten aurrean. Gainera, iruditzen zaigu gauza batzuk hobetu egin beharko lituzkeela Udal Gobernuak, eta horrela izanda ere, askoz hobe egin zitezkeela; izan ere, gauza askotara ez dira iritsi, edo berandu iritsi dira.
Horretaz aparte, udalari dagokionez, uste dugu gobernantza ereduaren inguruan aldaketa handi bat eman behar dela Zarautzen. Gauzak beste modu batera egiteko aukerak badaude, eta gobernatzeko momentuan zer oso inportantea da, baina nola ere bai. Eta kasu honetan, hori ez dira kontuan hartzen ari. Adibidez, (I)Biltzen prozesua egin dugu orain gutxi Zarauzko EH Bilduren barruan, eta mahai-inguru bat izan genuen, non EH Bilduko hiru alkate etorri zitzaizkigun, Usurbilgoa, Zumaiakoa eta Errenteriakoa. Hainbat proiektuz hitz egiteaz gain, gobernantza ereduaz mintzatu zitzaizkigun, eta argi ikusten dugu beste modu bat badagoela, errealitate bat badela eta horretarako aukera ere badagoela. Beraz, hemen asko hobetu dezakegula zentzu horretan.
Zer horri dagokionez, lehentasun ezberdinak ditugu aurrekontuetan proposatzen joan garenak: mugikortasun plan bat, Plan Orokorra berritzea, Kultur Mahaia, energia subiranotasunarekin lotutako proiekturen bat, saihesbidearen lanketa.... Gauza asko daude beste era batera egingo genituzkeenak.
Gobernatzeko beste modu bat botatzen duzue faltan, beraz.
Hala da. Ez da gurekiko bakarrik, oposizioarekiko baizik. Daukagun komunikazioa oso murritza da, edukitzen ditugun bilerak prozedurak eskatzen dituenak eta legez bete beharrekoak dira, hau da, informazio batzordeak, udaltzarrak eta abar. Hortik kanpoko lanketak, lantaldeekin biltzeak eta halakorik ez da existitzen, gai jakin batzuetan izan ezik. Oso-oso gutxitan. Guk beti esan ohi diegu eskuzabalik gaudela elkarlanerako, baina ez da gertatzen.
Pandemiaren agintaldia izaten ari dela nabarmendu duzu. Azken urtea delikatua izaten ari da, udal taldeok elkarrekin lan egin eta soluzioak bilatzeko abagunea izan zatekeen. Horretarako aukera izan al duzue?
Ez. Pandemia aukera bat zen jokatzeko modua eta norbere helburuak aldatzeko. Pandemiak aldaraziko gintuela esaten zen. Udalean, behintzat, ez da ezer aldatu. Hasiera-hasieran, itxialdi betean ginenean Krisi-Mahai bat eratu zen, baina hor oposizioa ez ginen sartu: Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEeko kideak zeuden bertan teknikari batzuekin, eta guk ez genuen aukerarik izan bilera telematiko horietan parte hartzeko. Gero, bozeramaile batzordeak izaten genituen, baina horiek informatzeko bakarrik izaten ziren. EH Bilduk baliatu genituen gauzak proposatzeko. Jakin badakigu Krisi-Mahai horrek jarraitzen duela, maiztasun gutxiagorekin, baina, adibidez, komunikabideen bitartez jakin dugu hondartza itxiko zela eta bi sarrera-irteera gehiago jarriko zirela.
Uste dugu Covid-arekin komunitatearekin lan egiteko aukera bat galdu dela. Hasiera hartan mugimendu bat sortu zen Zarautzen, beste hainbat herritan bezala, boluntario taldeen bitartez, eta udalak bazter utzi zituen. Komunitatea egiteko eta biltzeko abagune bat iruditu zaigu, eta hor lanketa bat egin ahal zitekeen, hainbat herritan egin da eta fruitu oso onak eman ditu, bai momentua bai gerora ere, talde izaera hori zaindu delako.
Agintaldi honetako gauzarik ikusgarriena etxebizitzen eraikitzea izan da, Salberdin eremuan. Herriak duen aspaldiko arazoari konponbidea eman dio horrek?
Argi eta garbi, ez! Hasteko, arazoa ez da etxebizitza falta, baizik eta etxebizitza horiek daukaten prezio ikaragarria. Beraz, arazo horrek hor jarraitzen du zarauztarrentzat, eta batez ere gazteentzat, erosteko modukoak ez direlako gehienak. Etxebizitza gehiago egiteak ez dio konponbiderik emango arazoari. Guk uste dugu garrantzia handiagoa eman beharko litzaiekeela alokairuzko etxebizitza sozialei. Badaude batzuk aurreikusita Salberdinen, baina ez dira nahikoak, eta iruditzen zaigu alokairurako etxebizitza parke publiko bat egiten joan beharko genukeela pixkanaka-pixkanaka.
Bestalde, irudimen gehiago erabili behar dela uste dugu. Izan ere, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko badaude beste eredu batzuk beste herri batzuetan jada lantzen direnak; esaterako, etxebizitza komunitarioak. Jada horrelako proiektuei begira jarri beharko genukeela iruditzen zaigu. Errenterian agintaldi honetan jarri dituzte abian etxebizitza komunitarioak, bereziki gazteentzat, prezio oso eskuragarrian. Horrez gain, emantzipaziorako diru laguntzak egon beharko lukete, guretzako guztiz oinarrizkoa dena.
“Arazoa ez da etxebizitza falta, etxebizitza horiek daukaten prezio ikaragarria baizik”
Horrekin lotuta, Hiri Antolamenduaren Plan Orokor berri bat egin beharko litzatekeela ere adierazi zenuten.
Egun dugun Plan Orokorra 2008koa da, eta zaharkituta geratu da. Hamar urteko aurreikuspen bat egiten da, eta legez, plan berri bat egin arte, indarrean jarraitzen du. Kontua da jada hamahiru urte dituela, eta asmorik ez dagoela berritzeko. Beharrezkoa den zerbait dela ikusten dugu, egoera aldatu egin delako, Zarautz handitzen ari delako, eta beharrak beste batzuk direlako egun. Eskatzen dugun arren, ez dute lanketa horretarako asmorik erakusten. Horrek ez du esan nahi egun dagoena errespetatzen ari ez direnik: Plan Orokorra badago, eta egiten ari direna da Plan Partzialean aldaketatxoak. Guretzat hausnarketa sakona falta da, baina Plan Orokor batek eskatzen duen lanketa batek sekulako lana suposatzen du, eta adostasunetan oinarrituta egon beharko luke alderdi guztien aldetik. Alde horretatik, errazagoa zaie aldaketa partzialak egitea. Guretzako hori desastre bat da.
Agintaldiko beste inbertsio indartsu bat da Santa Klara komentua. Herrian kultur mahai bat sortzearen aldeko agertu zineten bertan zer egin zehazteko.
Santa Klara erostearekin ados agertu gara hasieratik, eta horretan udalaren alboan egon gara denbora osoan. Baina orain ikusteko dago nola egingo den lanketa guztia, Santa Klarak aukera ugari irekitzen baitizkio Zarautzi, bai eraikinak berak, baina baita bere inguruak ere, bertako parkeak, alegia. Guk Kultur Mahai bat eratzeko eskatzen ari ginen lehendik ere, programazioaren barruan. Faltan botatzen dugu Zarauzko kultur-eragileek protagonismo handiagoa izatea, zentzu horretan, eta Santa Klarako proiektuarekin are gehiago. Honek ate gehiago irekiko dituela ikusita, iruditzen zaigu guztion artean, eragileak kontuan hartuta, baita herrian parte hartu nahi duen edonork ere parte hartuta, egin beharko litzatekeen proiektu bat dela. Guk espektatiba handiak ditugu jarrita Santa Klaran, ilusio handiak, eta lan egiteko zein parte hartzeko gogoz gaude. Baina ez dagokigu guri bakarrik, herri mailan egin beharreko zerbait da, jendearen iritziak eta proposamenak jasota.
Errotaberri industrialdea ere aurrera doa. Nola ikusten duzue?
Industria bultzatu egin behar da herrian, eta Errotaberri garrantzitsua iruditzen zaigu. Zerbitzuetara bideratutako herri bat izan da Zarautz, eta uste dugu industriari leku gehiago eman behar zaiola, beraz, hau horretarako modu bat da: gune egoki bat atonduta, eta ongi komunikatuta. Orain, Udal Gobernua planteatzen ari da txikizkako merkataritza jartzea bertan, eta gu ez gaude batere ados horrekin. Industrialde batek industrialdea izan behar du, eta industria bultzatu dezagun. Gainera, denda handiak jartzen baditugu inguru horretan, herriko saltoki txikiei eragingo die, mugikortasun aldetik ere ondorio asko ekar ditzake... Gure apustua Errotaberri industrialde bezala mantentzea da.
Errotaberrirako sarbide berriarekin kritiko agertu da EH Bildu. Zuek hasieratik planteatu zenuten saihesbidearen proiektua.
Gure ustez, sarbide berriak ez du konpondu erabat arazoa. Autobidea bertatik pasatzen dela kontuan izanik, saihesbide bezala funtzionatzeko aukerak ematen dituela ikusten dugu, eta EH Bilduk bazeukan proiektu bat autobideko irteeratik zuzenean Errotaberrira bideratzen zuena. Sarbide berriarekin, ordea, zama handiko ibilgailuek Araba kaletik igarotzen dira: Orokieta paretik, bihurgunea hartu eta Zuberoa kalera igaro... Eskola baten aurretik eta etxebizitza askoren ingurutik igarotzen jarraitzen duenez, ez zaigu iruditzen lehendik hona gauzak asko konpondu direnik. Gauzak beste era batera egin zitezkeen.
Udal Gobernuak Zarautz 2030 Plan Estrategiko berria lantzeko prozesua abian jartzekoa da, eta herritar ororen parte hartzea espero du; tartean, alderdi politikoak ere. Zein da zuen postura arlo honetan?
Ezer gutxi dakigu horri buruz. Dakiguna da aurrekontuetan Plan Estrategikoa egiteko partida bat bideratuta dagoela, eta Kontratazio Mahaian egoten garenez, badakigu hiru enpresa esleitu dituztela. Gainerakoa komunikabideen bitartez jakin dugu. Gu parte hartzeko prest gaude, noski. Guk Plan Estrategiko berri baten beharra ikusten dugu, eta lehen aipatutako Plan Orokorrarekin lotuko nuke, baina honako hau harago doala esango nuke, beste arlo batzuk ere hartuko dituelako. Herritarren parte hartzea sustatuko dutela adierazi dute, eta alderdiok bertan egotea nahi dutela. Beraz, gu prest agertuko gara, baina ezer gehiago ez dakigu. Pentsatzen dut aurki aurkeztuko digutela prozesua udal barruan, antolamenduaren eta helburuen berri emateko.
Berdintasun Kontseiluko kide ere bazara, alderdi horretatik zertan ari zarete lanean koalizioan?
Berdintasunaren inguruan lan pila bat dago egiteko, baina agintaldi honetan Emakumeen* Etxea sortu da herrian, eta garrantzia handia ematen diogu horri. Lehen esandakoaren haritik, zer hori badaukagu, Emakumeen* Etxea, baina nola kudeatuko den oraindik bidean dago, prozesu batean, guztiz bukatu gabe. Parekidetasun Departamentua bertan dago eta ikastaro batzuk bertan ematen dira; psikologo zerbitzua nahiz zerbitzu legala ere badaude. Badakigu jendea joaten dela eta funtzionatzen ari dela, baina hortik harago joan behar duela iruditzen zaigu, eta Emakumeen* Etxeak Zarauzko emakumeek beraien etxea izatera iritsi behar duela. Hor lanketa handi dago egiteko.
Orain, Emakumeen Mahaia eratu da, eta irailetik aurrera egingo dira bilerak. Horri garrantzia handia eman nahi zaio. Hain zuzen ere, kudeaketa Parekidetasun Departamentuaren esku egon beharrean bakarrik, iruditzen zaigu boterea partekatu eta mahai honek ere erabakitzeko ahalmena eduki beharko lukeela. Zentzu horretan, 2020ko aurrekontuko partida bat eskatu genuen Emakumeen Mahaiaren esku geratzeko Emakumeen* Etxearen programaketaren zati bat.
(I)Biltzen prozesua eraman duzue aurrera hilabeteotan, zer ondorio atera dituzue?
Lehenago hasi genuen prozesu baten jarraipena izan da (I)Biltzen. Agintaldi honen hasieran hasi ginen lantaldetan elkartzen, baina bateratzeko beharra ikusi genuen, dinamika proposatzaile bat egiteko asmoarekin. Oraingoz, Zarauzko EH Bilduren barne-lanketa bat izan da, eta bi bide izan ditu. Alde batetik, antolaketari dagokionez pauso batzuk eman dira, koordinatzaile berria aukeratuz eta lantaldeak egituratuz. Bestetik, prozesu sakonago batean murgildu gara, nolako Zarautz nahi dugun irudikatzeko eta hori lortzeko ze gako eduki beharko genituzkeen nahiz gako horiei ze helburu jarriko genizkien zehazteko.
Hasieran aipatu dudan hiru alkateen mahai-ingurua eduki genuen, inportantea iruditzen baitzaigu ezagutzea beste herrietan zer eta nola egiten dituzten gauzak. Beste adibide batzuekin ohartzen zara beste modu batera ere egin daitezkeela. Horrez gain, bi lan saio egin genituen: saio horietan gako horiek identifikatzen saiatu ginen, eta helburu horiek lortzeko ekintza plan bat osatu genuen. Guztira, hamar gako edo gai azaleratu genituen: etxebizitza, lana, hiru sektoreak orekatzea, ekonomia, kultura, feminismoa, zaintza, bizikidetza, ingurumena eta gazteria. Arlo bakoitzerako helburu txiki batzuk jarri ditu EH Bilduk datozen urtetarako eta, oro har, etorkizunerako. Lantaldeak egituratuta, irailean hasiko gara horretan buru-belarri.
Zeintzuk izango dira datozen bi urtetako erronka nagusiak?
Zarauzko EH Bilduk egin duen barne-lanketa hori kanpora atera nahiko genuke, auzoetara, eragileetara eta abarretara. Ez dugu nahi gure iritzi bera daukatenekin bakarrik egon, baizik eta beste jendearen beharrak ikusi eta jaso nahi ditugu. Iruditzen zaigu erakundeok herritarren zerbitzura egon behar dugula, eta ez bakoitzak bere ideologiarekin bat egiten duenaren zerbitzura soilik. Lanketa hori egiteko asmoa dugu, betiere (I)Biltzen prozesuan landutakoa oinarri bezala hartuta. Gure lantaldeak ere martxan jarriko dira, helburu horiekin; hau da, herritarrekin gehiago egongo dira, hitz egingo dute, taldeekin lan eginez. Bestalde, udal barruan, betiko moduan proposamenak egiten jarraituko dugu aukera dugun aldiro. Eskuak zabaltzen dizkiogu beste behin Udal Gobernuari, zeresana badugulako, herritar asko ordezkatzen dugulako, eta elkarlana ezinbestekoa delako gauzak behar bezala funtzionatzeko.