Hilaren 15ean zozkatuko dituzte Salbeldingo 52 etxebizitza tasatuak

Aritz Mutiozabal 2021ko uzt. 9a, 15:00

Zozketara ezingo da bertaratu egungo egoeragatik, baina zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Datorren ostegunean, uztailaren 15ean, egingo dute Salberdingo R3 partzelako erregimen bereziko 52 etxebizitza tasatuen zozketa. Udalbatzar aretoan izango da, 18:00etan hasita, baina COVID19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ezin izango da bertaratu. Edonola ere, zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez  Zarauzko Udalaren webgunean (www.zarautz.eus) eta Amenabar promozioaren sustatzailearen webgunean (www.salberdinberritasadas.com).

Eskaera bakoitzari ausazko zenbaki bat egokitu zaio, eta zenbaki horiek izango dira zozketako ontzian sartuko dituztenak. Lehenik eta behin, egokitutako hiru etxebizitzei dagokien zozketa egingo dute,  eta jarraian, egokitu gabeko gainontzeko 49 etxebizitzena. Notario batek ikuskatuko du prozesu guztia.

Etxebizitza tasatu horietako bat eskuratzeko eskubidea ematen duten 49 zenbakiak atera ondoren, ateratako azken bolaren zenbakia kontuan hartuta eratuko da itxarote-zerrenda; zenbaki horretatik aurrera jarraituz, alegia.