Urola Kostako Itaiak ekimen sorta prestatu du uda honetarako, lehenengoz

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 13a, 10:00
(Urola Kostako Itaia)

Zarautzen nahiz Zumaian egingo dituzte ekitaldiak, uztailaren 22an, abuztuaren 11n eta abuztuaren 27an. Ekain bukaeran aurkeztu zuten Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistaren eskualdeko taldea.

Euskal Herrian duela bi urte sortu zen Itaia Emakume Sozialisten Sarea, eta iaz hartu zuen antolakunde izaera, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialista modura. Eskualdez eskualde antolatzeari ekin zioten orduan, eta Urola Kostan ere egin dute urrats hori: ekainaren 29an aurkeztu zuten Itaiaren eskualdeko taldea, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.

Emakumeen auzia "klaseen arteko gatazkaren dinamikan" kokatuta,  "emakume langileen zapalkuntza gainditzeko", "gizartearen antolaketa osoa gainditu beharra" dagoela azpimarratu izan dute Itaiako kideek. Zentzu horretan, "emakume langileek jasaten dituzten zapalkuntza zehatzak" lehen lerrora eramateko hautua egin dute, baita "emakume langileak klase borrokara batzeko baldintzak sortzekoa" ere, "emakumeen auziari ikuspegi komunistatik erantzun" ahal izateko. "Emakume langileen gaitasun politikoak areagotzeari eta subjektu politiko gaitu bilakatzeari" garrantzia berezia ematen diote, hala.

Urola Kostan ere lanean hasi dira, beraz, Itaiako kideak. Uda honetarako antolatu dute lehenengo ekimen sorta, eta hiru hitzordu jarri dituzte, uztailaren 22rako, abuztuaren 11rako eta abuztuaren 27rako. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izango dira aurreneko eta azkeneko egunetako ekitaldiak, eta bigarren egunekoa aldiz, Zumaiako Torreberri gaztetxean.

Uztailaren 22an, ostegunean, 18:00etan hasiko da Zarauzko lehenbiziko saioa. Genero problematikaz hausnartzen hitzaldia izango da lehenengo, eta horren ostean, Katarsia musika taldeak girotuko du Putzuzulo. Abuztuaren 27rako, ordea, egun osorako egitaraua prestatu du Itaiak: formakuntza politikorako mintegi bat egingo dute goizean, bazkaria izango da gero eta, azkenik, arratsaldean, kontzertu akustikoa eskainiko du Miruak.

Egitaraua

Uztailak 22, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean

  • 18:00. Genero problematikaz hausnartzen hitzaldia
  • 20:00. Katarsia taldearen kontzertua

Abuztuak 11, Zumaiako Torreberri gaztetxean

  • 18:00. Emakume langilearen heziketa politikoa eta antolakuntzaren beharra hitzaldia
  • 20:00. DJ Droga Purpura

Abuztuak 27, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean

  • 11:00. Identitate politikak eta borrokarako subjektua formakuntza politikorako mintegia
  • 14:00. Bazkaria
  • 18:00. Mirua taldearen kontzertua, akustikoan