'Altxa txapela', Joseba Argiñanok gidatuta

Sukaldaritzari buruzko lehiaketa berria estreinatuko dute gaur gauean ETB1en. Joseba Argiñanok aurkeztuko du saioa, eta ekoizleak ariko dira lehian.

Sei saio, sei produktu: Idiazabalgo gazta, Tolosako babarrunak, arrautzak, baratzeko jakiak, marmeladak eta eztia. Sei produktu horiek eta horien ekoizleak izango dira protagonista Altxa txapela ETB1eko sukaldaritza lehiaketa berrian. Joseba Argiñano sukaldariak gidaturiko saioa gaur gauean estreinatuko dute, 22:00etan.

Euskal Herriko jakirik bereizgarrienetako batzuk gertuagotik ezagutzeko aukera izango da Altxa txapela-n. Saio bakoitzean produktu bat eta hura ekoizten duten lau ekoizle ariko dira lehian. Ekoizle bakoitzak bere lantokira gonbidatuko du ikuslea, eta bertatik azalduko du nolakoa den ekoizpen prozesua, eta bere eguneroko jarduna. Gainera, su artean aritzea ere tokatuko zaie. Parte hartzaile bakoitzak errezeta bat prestatu beharko du, bere produktua erabiliz betiere, eta elkarren lanak dastatu beharko dituzte gero.

Azoka izango da lehiaketarako aukeratutako gunea, eta, azoketan ohikoa denez, bakoitzak postu bat izango du. Errezetak etxean prestatuko dituzten arren, azokan bilduko dira txapela nork jantziko duen erabakitzeko. «Altxa txapela!» deiaren ostean, txapelaren azpian dagoena erakutsi, eta puntuazioak emateko astia izango dute.

Albistea osorik irakurtzeko: Berria.eus