Elkarretaratzera deitu dute Putzuzulori eginiko bigarren erasoa salatzeko

Bihar arratsaldean izango da mobilizazioa, 19:00etan, udaletxe aurrean.

Asteazken gauean bezala, ostiralean ere indarrez sartu ziren Putzuzulo gaztetxera. Lehen erasoan eraikin barruko materiala hankaz gora jarri eta hainbat eragileren materiala hondatzeaz gain, kalera atera zituzten.

Gaztetxeko kideek hura ez zela lapurreta bat izan azaldu zuten aldi hartan, eta ostiralekoa ere ez dela izan berretsi dute. Oraingo honetan, leiho bat osorik eraitsi dute, eta propagandarako  materiala nahasten ibili direla jakitera eman dute.

"Era horretako bi eraso jasan ditugu hiru eguneko tartean. Berriro diogu: ez dugu gaztetxearen aurkako, ezta bertan antolatzen diren eragileen aurkako erasorik onartuko", aldarrikatu dute Putzuzuloko kideek.

Gertakariak salatzeko elkarretaratzera deitu dute bihar arratsaldean, 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan.