Beteranoen ligako txapeldun da Badok 13, jardunaldi baten faltan

Getxoko Bandera irabazi zuen atzo, jarraian irabazten duen bederatzigarrena. Asteazkenean Euskadiko Txapelketan lehiatuko da.

La Salve Liga irabazi dute Badok 13ko arraunlariek liga bukatzeko jardunaldi baten faltan. Atzo, Eusko Label ligaren ondoren Getxon jokatu zen beteranoen estropada irabazita, matematikoki txapeldun dira jada.

Denboraldi guztian erakutsi duten nagusitasuna berretsita, Getxon ere ez zuten hutsik egin Zarauzko arraunlari beteranoek, eta trapu berri bat erdietsi zuten beraien lorpenen erakusleihorako. Estropadan, ziabogara iristerako 6 segundoren abantaila zuten Fortunarekiko, eta amaierarako 8 segundora igo zen aldea. Gisa horretan, Badok 13k bederatzigarren estropada irabazi zuten jarraian.

Nolanahi ere, oraindik ez da amaitu beteranoen jarduna; asteazken honetan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Lekeitioko uretan, eta ilusio handiz uretaratuko dira hitzordu garrantzitsura. Duela bi urte bezalaxe, Ikurrina irabazten saiatuko dira.

Azkenik, datorren larunbatean ligako azken jardunaldia izango dute Pontejosen (Kantabria, Espainia), eta estropada horrekin emango diote amaiera denboraldi zoragarriari.