"Aurtengo musika eta kultur eskaintza oparoak erantzun benetan positiboa izan du"

King Konsul abeslaria Adarretatik jaialdian. (Elisa San Juan)

Antolatzaileek balorazio "oso ona" egin dute ostegunetik larunbatera izan den 4. Adarretatik Musika Jaialdiari buruz.

Adarretatik Musika Jaialdiko antolatzaileek esker hitzak izan ditu aurtengo ekitaldiaren inguruan, batez ere, ostegunetik larunbatera Modelo aretoa bete duen publikoari zuzenduak. Nahiz eta igandeko kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten, Amaia Zubiria, Karlos Gimenez, Gonzalo Tejada eta Luis Camino laukoteak eskaini beharrekoa, kideetako baten osasun arazoengatik, egiten duten balorazioa "oso ona" dela adierazi dute, eta "gogobeteta" geratu direla, alegia.

"Aurtengo musika eta kultur eskaintza oparoak erantzun benetan positiboa izan du publikoaren aldetik, batik bat, zarauztarra izan dena. Edonola ere, Euskal Herriko hainbat tokotatik etorritako jendea ere izan da, eta adin guztietakoa, gainera", nabarmendu du Mikel Makala antolatzaileak. Era berean, musikari gonbidatuak ere –Irregular Roots, Martin de Marte eta The Cherry Boppers– gustura geratu direla dio jendeak kontzertuetan emadako erantzunarekin, jaialdiaren kalitatearekin eta jasotako tratuarekin.

Antolakuntza 2022ko udara eta bosgarren ekitaldira begira jarri da dagoeneko, eta dena ongi bidean jaialdia berriro malekoira eta herriko kaleetara eraman nahiko lukete. Era berean, eskerrak eman dizkie beste urte batez bidaide izan dituen Zarauzko Udala, Kultura Zarautz eta Turismo Zarautzi. Baita beraiekin kolaboratu duten Gaztea, ZuZeu, SEI Soinua & Iluminazioa eta Zazpi taberna-jatetxeari