19:00etan hasi da kontzentrazioa Lege Zaharren enparantzan, eta Gaztetxeen kontrako erasorik ez! leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira hainbat eta hainbat lagun. Azken astean bi aldiz sartu dira indarrez Putzuzulo gaztetxera, asteazken gauean eta ostiral gauean, hain zuzen.
Aurreneko aldian, zenbait eragileren propagandarako materiala (besteak beste, gaztetxeak berak ateratako kamisetak nahiz Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren eta Gazte Koordinadora Sozialistaren pankartak eta kartelak) hondatu eta eraikin kanpora atera zuten, baita materiala "hankaz gora" jarri ere. Bigarren aldian, ordea, goiko pisuko hainbat leiho hormatik atera zituzten, indarrez.
Bi erasoak salatu dituzte gaurko elkarretaratzean, eta Putzuzuloko kideek jakinarazi dute ez dutela gaztetxeen aurkako inolako erasorik onartuko, ez eta han jarduten duten eragileen aurkako erasorik ere.