Emakumezkoek parte hartuko dute lehen aldiz Bi Harri txapelketan

Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte hamabi harri-jasotzaileek abuztuaren 1ean, Aritzbatalde kiroldegian. 

Udalak udako egitaraua aurkeztu zuenean aurreratu zuen moduan, abuztuaren 1ean jokatuko da aurtengo Bi Harri harri-jasotze txapelketa, Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Urteroko moduan, bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri,  jaso beharko dituzte parte hartzaileek. 

Aurtengo berrikuntza nagusia da lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartuko dutela txapelketan. Emakumeak plazan harriak altxatzen ikustea gero eta ohikoagoa den arren, abuztuaren 1ekoa izango da harri baldarretan ariko diren lehen txapelketa. Ondoko lau harri-jasotzaileak aterako dira lehiara Aritzbatalden: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Lur Errekondo eta Lierni Osa zarauztarra. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten dizkienak eskuratuko du lehen txapela. 

Gizonezkoetan, berriz, bosgarren aldiz jokatuko da Bi Harri txapelketa. Horiek 117 eta 119 kiloko harriak altxatu beharko dituzte ahal duten beste alditan, zazpi minutuan. Ondoko harri-jasotzaileek hartuko dute parte: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Iñigo Eizagirre Eiza, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Paulo Azpiazu.