Zarauzko airearen kalitatea neurtuko du udalak bihartik aurrera. Horretarako, ebaluazioa egingo duen enpresak hainbat neurketa aparatu jarriko ditu herrian, partikula kutsatzaileen presentziaren balio adierazgarriak jasotzeko. Udalak prentsaohar bidez azaldu duenez, duela hiru urte egindako zarata mapa erabiliko dute erreferentzia gisa, trafikoaren ondorioz atmosferan egon daitezkeen kutsadura fokuak atzemateko.
Bi fasetan egingo dute azterketa. Lehenik, bihartik irailaren 20ra arte oporraldian egoten den kutsadura maila aztertuko da, trafiko gehiago izaten baita egun horietan. Ondoren, udazkenean egingo dute bigarren fasea.
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak azaldu du Zarautzen airearen kalitatea kontrolatzen duten lehen aldia izango dela honakoa. Hasiera batean herrian kutsadura atmosferiko handia dagoenaren adierazlerik ez badago ere, udaleko Ingurumen Sailaren iritziz "garrantzitsua" da "neurketa egokiak egitea horrela dela ziur egoteko, edo neurri egokiak hartu ahal izateko airean kutsatzaile esanguratsuren bat atzemango balitz".
Neurketak egiteko monitorizazio ekipo egonkorrak zein mugikorrak erabiliko dituzte, baita "kartutxo xurgatzaileak" ere. Monitorizazio mugikorra egiteko ibilgailu elektriko bat ibiliko da herrian zehar laginak etengabe hartzen. Gainontzeko gailuak "faroletan edo antzekoetan" jarriko dituzte, 2,5 eta 3,5 metro arteko altueran, eta lekuz aldatzen joango dira, "udalerriko eremu osoan egon daitezkeen kutsatzaileak atzeman ahal izateko".