Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi du Badok 13 taldeak

Badok 13 Euskadiko txapeldun.

Duela bi urteko Euskadiko Traineru Txapelketan egin bezalaxe, gaurkoan Badok 13 taldeak irabazi du beteranoen Ikurrina. Jardunaldi baten faltan, ligako txapelduna ere bada Zarauzko taldea.

Lekeitioko uretan jokatu dute gaur Euskadiko Traineru Txapelketa. Beteranoak izan dira uretaratzen lehenengoak, eta zortzi ontzi aritu dira nor baino nor: Iberia, Mundaka, Sestao, Zumaia, Zarauzko Badok 13 taldea, Bilbo Tigre, Fortuna eta Plentzia. Aurreneko txandan aritu dira lehenengo lau taldeak, eta bigarrenean beste laurak.

Beraz, bigarren txandan egin du arraunean Badok 13k, lehenengo kaletik. Orain dela bi urte egin modura, Zarauzko taldea nagusitu da beteranoen gaurko estropadan: 10:49.24 denbora eginda, 10 segundoko aldea atera dio bigarren azkarrenari, Fortunari. Hala, beteranoen Ikurrina eskuratu dute berriz Badok 13ko kideek.

Emakumezkoak lehiatu dira beteranoen ostean, eta Arraun Lagunak izan da garaile. Gizonak aritu dira hirugarrenik, eta txapelketako azkeneko txandan jardun eta gero, Hondarribia gailendu da.

Sailkapena beteranoetan

  1. Badok 13 (10:49.24)
  2. Fortuna (10:59.88)
  3. Iberia (11:01.36)
  4. Mundaka (11:04.68)
  5. Plentzia (11:06.80)
  6. Bilbo (11:09.95)
  7. Zumaia (11:39.15)
  8. Sestao (12:47.88)

Bestalde, jardunaldi bat geratzen da beteranoen liga bukatzeko, baina matematikoki ligako txapelduna da jada Badok 13. Pontejosen jokatuko dute denboraldiko azkeneko estropada, larunbatean.