Alex Ojangurenek eta Candela Sanchezek irabazi dute Zarautz-Ubiri-Zarautz zeharkaldia

Mireia Galarza Bastida 2021ko uzt. 25a, 12:24

36 minutu eta 59 segundutan helmugaratu da Ojanguren, eta 39 minutu eta 18 segundu behar izan ditu madrildarrak proba amaitzeko. Lehen zarauztarrak Unai Agirre eta Garazi Zabaleta izan dira, 40:57ko eta 49:01eko denbora lortu ondoren. 

Atzo egin zuten Getaria-Zarautz ohiko zeharkaldiaren ordezko lehen proba, eta 5.000 metroko ibilbidea egin behar izan zuten parte hartu zuten 200 igerilari inguruk, Mollarriraino joan eta etorrita. Gaur, aldiz, 1.200 izan dira uretara sartu diren igerilariak, eta lehenengo helmugaratu dira Alex Ojanguren donostiarra eta Candela Sanchez madrildarra. Guztira, 3.000 metro egin dituzte parte hartzaileek, Ubiri parerainoko joan-etorrian.

Ojangurenek 36 minutu eta 59 segundu behar izan ditu helmugara iristeko, eta Sanchezek, aldiz, 39 minutu eta 18 segundu. Madrildarraren kasuan, gainera, bigarren garaipena izan da gaurkoa, atzo ere bera izan baitzen emakumezkoen artean lehen sailkatua.

Zarauztarren artean, Unai Agirre eta Garazi Zabaleta izan dira proba amaitu duten lehenengoak, 40:57ko eta 49:01eko denbora lortu ondoren, hurrenez hurren. Biek aitortu dutenez, aurtengoa ez da izan proban parte hartzen duten lehen aldia, eta "aurtengoa desberdina" izan arren, "proba berezia" izaten jarraitzen duela diote.

Edizio "zaila"

Antolatzaileek gaineratu dutenez, "zaila" izan da ezohiko egoeraren ondorioz proba antolatzea, baina lagundu duten guztiak eskertu nahi izan ditu Pablo Cazalis antolakuntzako kideak, bere esanetan, horrela atera baitute proba aurrera. Hondartzara ere jende ugari inguratu da, eta giro ederra sortu da bertan.

EMAITZAK: Hemen ikus daiteke sailkapen osoa. 

Gizonezkoak:

1. Alex Ojanguren: 00:36:59

2. Enaitz Goñi: 00:37:08

3. Adnan Mustafic: 00:37:11 

(...)

12. Unai Agirre (lehen zarauztarra): 00:40:57

Emakumezkoak:

1. Candela Sanchez: 00:39:18

2. Amaia Zendoia: 00:40:27

3. Itxaso Alonso: 00:41:07

(...)

8. Garazi Zabaleta: 00:49:01

 

Erlazionatuak

Zeharkaldiko giroa eta adierazpenak, bideoan

Julen Imaz - Mireia Galarza Bastida 2021 uzt 25 Zarautz