Masters Caixabank txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte abuztuan Zarautzen

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 27a, 10:42
Martija pilotaria. (Aspepelota.eus)

Zarautzen abuztuaren 7an eta 14an jokatuko dituzte pilota partidak. Jaialdietarako sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko Interneten.

Abuztuan Masters Caixabank txapelketako pilota partidak izango dira Zarautzen, abuztuaren 7an eta 14an, Aritzbatalde pilotalekuan. Lehen jaialdia 18:00etan hasiko da, eta aurreneko partidan Bakaikoa-Salaverri II eta Salaberria-Bikuña bikoteak ariko dira pilotan. Masters Caixabank txapelketako partidan, berriz, Urrutikoetxea-Martija eta Peio Etxeberria-Albisu bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Andre Maria bezperako jaialdia, abuztuaren 14koa, berriz, 17:00etan hasiko da Aritzbatalden. Lehen partidan, Bengoetxea IV-Elizegi eta Salaberria-Ladis Galarza arituko dira. Masters Caixabank txapelketako partidan, ostera, Jaka-Tolosa eta Peio Etxeberria-Albisu bikoteak.