Beste hamabost kasu zenbatu dituzte Zarautzen

Intzidentzia tasa apur bat jaitsi egin bada ere, oso altua da oraindik. 835,23koa da adierazle hori azken daten arabera. Ospitaleen egoerak okerrera egiten jarraitzen du, motel bada ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri duen txostenaren arabera, atzo 65 lagunek eman zuten positibo eskualdean, koronabirusa hautemateko egindako probetan. Herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta adierazleek gora egiten jarraitzen dute ia herri denetan.

Zumaian atzeman zituzten atzo kasu gehien: hamazazpi. Herenegun intzidentzia tasa apur bat jaitsi bazen ere, kopuru altu horren ondorioz gora egin du berriro, eta 1190,6ko tasa dute egun kostaldeko herrian–eskualdeko altuena–. Zarautzen ere kasu ugari ari dira zenbatzen azkenaldian; hamabost izan ziren atzo, baina hala ere jaitsi egin da apur bat herri horretako intzidentzia tasa. Azken datuen arabera, 835,23koa da gaur egun. Adierazle horren igoerarik handiena Zestoan eman da: hamar kasu berrirekin, 200 puntu baino gehiago igo da intzidentzia tasa, 950,18raino. Azpeitian ere gora egin du, atzo zortzi kasu atzeman ondoren; 749,01ko tasa du herri horrek. Getarian lau kasu berri zenbatu zituzten atzo eta 812,72ra igo da tasa; Orion ere gorakada izan du adierazleak –962,17 da herri horretako kasu metatuen tasa–, atzo sei kasu berri hautemanda. Aian ere 50 puntu baino gehiago igo da intzidentzia tasa–atzo igoera bera izan zuen–, herrian bi kasu berri zenbatuta.

Azkoitian eta Errezilen behera egin du intzidentzia tasak. Dena den, Azkoitian kopuruak oso altua izaten jarraitzen du: hiru kasu berri atzemanda, 1118,25 da gaur egun adierazlea. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute kasu berririk zenbatu, eta hurrenez hurren, 130,04, hutsa eta 161,03 dira herri horietako intzidentzia tasak.

853,98ko tasa metatua

Hego Euskal Herrian, atzo egindako 14.247 probetatik 1.954k eman zuten positibo. Positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %13,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 14,7koa Nafarroan. Atzemandako kasu positiboetatik 964 Bizkaian zenbatu zituzten, 433 Gipuzkoan, 382 Nafarroan, 133 Araban, eta 42 lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak okerrera egin du berriro ere: 26,5 puntu igota, 853,98ean dago. Birsorkuntza tasak, ordea, behera egin du beste behin, eta 1eko mugatik gertu kokatu da; 1,03an dago, azken datuen arabera.

Ospitaleetako egoerak, tamalez, okerrera egiten jarraitzen du apurka-apurka. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik ospitaleratuta dauden gero eta lagun gehiago daude; 63 lagun ospitaleratu zituzten atzo, gaur-gaurkoz 232 dira ospitaleratuak, eta horietatik 60k behar dituzte zainketa bereziak–atzo baino batek gehiagok–.