Nolakoa izan da zure ibilbidea kirolean, eta nolatan hasi zara harriak altxatzen?
Pisua altxatzen ez nintzen inoiz ibili crossfit egin aurretik. Futbolean hasi nintzen, gero aerobik egin nuen, spinning ere bai... Crossfit egiten lau urte daramatzat, eta asko gustatzen zait pisuarekin ibiltzea. Kirol horretan modalitate asko daude, eta gehiena pisuarena gustatzen zait niri, halterofilia. Hortik igaro naiz harria jasotzera. Halterofilian txapelketa bat ere egin nuen Zarauzko malekoian, baina besterik ez.
Nola egin zenuen jauzi hori?
Andoni Iruretagoiena [Izeta VI.a, herri kirolaria] nire lagun mina da aspalditik, eta berak esan zidan probatzeko. Duela hilabeteko kontua da, hona [izetatarren entrenatzeko lekura] etorri nintzen probatzera, eta esan zidan: «Harri hau altxatzen baduzu, banoa hemendik». Altxatu nuen, Joxe Ramonek [Izeta II.a, harri-jasotzaile ohia eta Osaren entrenatzailea] bideoa ikusi zuen, eta ordutik hemen nabil.
Ondo moldatu zinen lehen harri harekin?
Bai. Desberdina da teknika crossfitarekin alderatuta, baina bai, pisu aldetik ondo moldatu nintzen.
Nolatan animatu zinen Bi Harri txapelketara?
Joxe Ramonek animatu ninduen. Nahi zuen neskek ikusgarritasun gehiago edukitzea herri kiroletan, eta horrela animatu nintzen. Hilabete honetan harri baldarrekin ari gara entrenatzen.
Lehen txapelketa harri baldarrekin egitea ausart samarra ez al da?
Nik uste dut niretzat abantaila izan daitekeela. Beste neskak, betidanik harria jasotzen ibili direnak, ohituta daude zilindroekin-eta txapelketak egitera. Harri hauek oso desberdinak dira bata bestearengandik, eta hori ona izan daiteke niretzat, denentzako baita harri berria.
Zarautzen egingo duzu debuta. Berezia izago al da?
Urduri nago alde batetik, baina ni dena ematen saiatuko naiz. Badakit ez daukadala aukera askorik oraintxe hasi naizelako honetan, baina gustatzen zait Zarautzen izatea lehen aldia, uste dudalako babes handia edukiko dudala. Nire lagun guztiak eta familia bertan egongo dira.
Iganderako helbururik badaukazu?
Ez. Denbora gutxi eduki dugunez hau prestatzeko, ez dut helbururik ezarri, dena ematea eta disfrutatzea soilik.
Aurrerantzean ere harri-jasotzen segitzeko asmoa duzu?
Bai, asmoa daukagu jarraitzeko. Hurrengo urteko Igeldoko Harria txapelketa prestatzen saiatuko gara.
Emakumezkoen lehen Bi Harri txapelketa da. Zer esanahi dauka horrek zuretzat?
Hala da. Ohorea da aurreneko txapelketa Zarautzen izatea eta hor parte hartu ahal izatea.
Bi Harri txapelketa, igandean
Herri kirolen urteroko hitzorduak izango du bere tartea aurten ere: abuztuaren 1ean, igande honetan, jokatuko da aurtengo Bi Harri harri-jasotze txapelketa, Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Urteroko moduan, bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri, jaso beharko dituzte parte hartzaileek.
Aurtengo berrikuntza nagusia da lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartuko dutela txapelketan. Emakumeak plazan harriak altxatzen ikustea gero eta ohikoagoa den arren, igandekoa izango da harri baldarretan ariko diren lehen txapelketa. Ondoko lau harri-jasotzaileak aterako dira lehiara Aritzbatalden: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Lur Errekondo eta Lierni Osa zarauztarra. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten dizkienak eskuratuko du lehen txapela.
Gizonezkoetan, berriz, bosgarren aldiz jokatuko da Bi Harri txapelketa. Horiek 117 eta 119 kiloko harriak altxatu beharko dituzte ahal duten beste alditan, zazpi minuturen barruan. Ondoko harri-jasotzaileek hartuko dute parte: Pedro Azpiazu; Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Iñigo Eizagirre Eiza eta Jokin Eizmendi zarauztarrak; Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a aizarnazabaldarra; eta Gorka Etxeberria eta Aimar Galarraga oriotarrak. Orain arteko marka Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k dauka ezarrita 25 altxalditan; hori gaindituz gero, dietaz, podiumeko sariaz eta altxaldi bakoitzeko eskuratzen denaz gain, 300 euroko sari gehigarria irabaziko luke harri-jasotzaileak.
Txapelketarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, entradium.com atarian, 10 euroan. Egunean bertan ere egongo dira salgai leihatilan 17:30etik aurrera, eta Zarautz Kirol Elkarteko bazkide direnek, txartela erakutsita, 5 euroan eskuratu ahalko dute sarrera. 16 urtetik beherakoentzat doakoa izango da.