Bost estropada jokatuko dituzte Zarauzko traineruek asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 29a, 16:46
(Amaia Manterola)

Bilbon, Santurtzin, Errenterian eta Santoñan izango dituzte hurrengo jardunaldiak asteburu honetan Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariek.

Datorren asteburua ere estropadaz betea dator. Euskotren, Eusko Label,  ETE eta KAE 2 ligetan jokatuko dituzte traineru estropadak. Eusko Label ligan diharduen Enbata Zarauzko traineruak Bilbon jokatuko du larunbateko lehia, 18:00etatik aurrera. Lehen txandan aterako da Enbata. Igandean ere Bizkaiara bidaiatuko dute zarauztarrek, kasu horretan, Santurtzira. Euskotren ligakoek lanak amaitzen dituztenean, 12:00etan, hasiko da Eusko Labelekoen lehia. 

Emakumezkoen traineruak, berriz, igande goizean jokatuko du ETE ligako hurrengo estropada, Errenterian. Errenteria Hiria Emakumeen Traineru Elkartea izeneko hirugarren bandera izango dute jokoan. 

KAE 1 ligan ez da estropadarik izango, baina bai KAE 2 ligan. Bertan lehian diharduen Zarauzko traineruak Bilbon edukiko du estropada larunbatean, 11:00etan, eta Santoñan (Kantabria, Espainia) igandean, 17:30ean.