Gurbindo argazkilariaren 'IBIDEM Oteiza Museoa' erakusketa dago ikusgai Photomuseumen

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 1a, 09:00
Photomuseumen ikusgai dauden irudietako bat. (Maria Jose Gurbindo)

Arkitekturaren eta eskulturaren printzipio estetikoak uztartzen dituzte irudiek. Irailaren 12ra arte egongo da ikusgai erakusketa. 

Iragan astearteaz geroztik ikusgai dago Oteiza Museoaren arkitektura ardatz duen argazki erakusketa Photomuseumen. Maria Jose Gurbindo argazkilariak ibidem (toki berean) latinismoarekin eta Nafarroan dagoen museoko irudiekin jolas eginez osatu du erakusketa esperimentala. 

Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako eraikinak "eragin aktiboa" dauka Oteizaren "obraren esperimentazioan", Gurbindoren arabera. Argazkietan irudikatu nahi izan du "argiak eta koloreek nola ñabartzen eta aberasten duten eskulturen eta arkitekturaren
pertzepzioa". Era berean, azpimarratu du Oteizarentzat arkitekturak eta eskulturak "printzipio estetiko berberak" zituztela, eta hori nabarmentzen dela eraikinaren izaeran. Gurbindok lotura estua dauka arkitekturarekin, eta berak esaten duenez, "irudiaren arlotik" egiten du arkitekto gisa lan. Gaur egun, Diferents aldizkariko kolaboratzaileen taldeko kide da. 

Erakusketa irailaren 12ra arte egongo da ikusgai, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera arruntak 6 euroko prezioa du, eta murriztuak 3koa. Asteazkenetan, doakoa da museorako sarrera.