Abuztuko doinuak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 30a, 08:16

Igande honetan hasiko da Zarauzko 33. Udako Musikaldia. Lau emanaldi izango dira, abuztuko igandeetan guztiak. Egunean bertan eskuratu beharko dira gonbidapen txartelak

Aurrera doaz Zarauzko Udalak antolatutako udako kultur ekitaldiak, eta abuztuan sartzearekin batera hasiko da Udako Musikaldiaren 33. edizioa ere. Lau emanaldi izango dira aurtengo zikloan, "musika klasikokoak nahiz musika garaikidekoak".

Hain justu, Euskal Barrokensemble, Dúo Cassadó, Oiasso Kamerata eta Itxaso Ariztizabal, nahiz Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran arituko dira aurten, abuztuko igandeetan (15ean
izan ezik). Zarauzko parrokian izango dira kontzertu guztiak, 20:00etan hasita.

Igande honetarako jarri dute lehen hitzordua: Euskal Barrokensemble izango da aste honetako gonbidatua. Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak azaldu duenez, Enrike Solinis bilbotarrak sortu zuen taldea 2006an; bost kide dira, eta "soka nagusi" den arren, organoarekin edota mokodun txirularekin ere janzten dituzte piezak. "Solinisek ikerketa lan handia egiten du barroko musikan eta antzinako musikan, eta ahalegin handia egin du errepertorio hori berrinterpretatzen", dio Aizpuruk.

Zikloko bigarren kontzertua Duó Cassadók eskainiko du abuztuaren 8an. Damian Martinez eta Marta Moll de Alba Musikeneko irakasleek osatzen dute bikotea, eta txelo eta piano doinuak uztartzen dituzte. "Ganbera musika egiten dute" Aizpururen arabera, eta Astor Piazzollari eskainiko diote Zarauzko emanaldiko lehen zatia. Aurten bete dira 100 urte Argentinako konpositorea jaio zela.

Abuztuaren 22an, aldiz, Irungo Oiasso Kamerata orkestra eta Itxaso Ariztizabal piano-jotzailea arituko dira zuzenean. "Euskal ondarea berreskuratzeko ahaleginean, Valentin Larreak sortutako errepertorioa berreskuratu dute", jakinarazi du Aizpuruk. Gabiriarraren hainbat lan interpretatuko dituzte Zarautzen, batez ere, hari instrumentuen bidez. Larreak «lotura handia» izan zuen Zarautzekin, Aizpuruk gogorarazi duenez.

Abuztuaren 29an izango da Udako Musikaldiko azkeneko saioa, eta Arineketan taldeaz gozatzeko aukera egongo da egun horretan. Jagoba Astiazaran txistu-jotzaileak eta Iñar Sastre piano-jotzaileak sortu dute proiektua, eta "beste ikuspuntu bat eman" diote txistu bidezko "errepertorio tradizionalari", "gaur egunera ekarrita". Haatik Dantza Konpainiako bi dantzarik ere parte hartuko dute Zarauzko ikuskizunean.


Sarrera, doan

Aurtengo egitarauak, "jatorrizko eskaintzarekin alderatuta", "berrikuntza handia ekarriko" duela iritzi dio Xabier Txurruka Zarauzko alkateak; "izan ere, kultur interesa areagotu egin da, kultur ekoizpena hazi egin da, eta musika eskaintza ere zabalagoa da". Duela 33 urte, Udako Musikaldia egitasmoa martxan jarri zenean, "helburua zen udatiarrei aisialdiko eskaintza ahalik eta zabalena ematea", Txurrukaren esanetan. Dena den, gaur egun asmoa "bertakoei zein bisitariei kalitatezko kultur eskaintza bat zabaltzea" dela dio alkateak.

Uda honetako lau emanaldietan doakoa izango da sarrera, edukiera bete arte behintzat; gehienez 180 ikusle izango dira kontzertu bakoitzean. Txartelak Modelo aretoko txarteldegian egongo dira eskuragai, emanaldi bakoitzaren egunean bertan, 18:00etatik aurrera.