Igoera apaldu dela dirudi

Maria Maya-Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 30a, 13:13

Duela astebeteko intzidentzia tasa bera du Zarautzek: 818, 08koa. Azken egunetako datuekin ondorio garbirik atera ezin bada ere, badirudi goranzko joera bortitza baretu dela apur bat.

Uztaila hasi zenetik etengabe egin dute gora herrian atzeman diren kasu positiboek, eta intzidentzia tasa ere igo egin da egunez egun hilabete osoan zehar. Azken astean, ordea, badirudi joera hori eten egin dela apur bat. Datuek oso altuak izaten jarraitzen dute halere: azken astean 86 kasu positibo zenbatu dituzte herrian; horietatik 11, atzo. Aurreko astean igaro berri denean baino 19 kasu gehiago zenbatu zituzten herrian, beraz, horrek eragin du intzidentzia tasaren goranzko joera hori apur bat baretzea. Gaur, duela astebeteko bera da Zarauzko intzidentzia tasa: 818,08koa. Atzotik 21 puntu jaitsi da.

Eskualdeari erreparatuta, atzo 31 koronabirus kasu hauteman zituzten Urola Kostan egindako probetan, herenegun baino 24 gutxiago. Kasu kopuruak behera egin du nabarmen, baina 5.000 biztanletik gorako zenbait herritan gora egin du intzidentzia tasak, hala nola Azpeitian eta Orion. Azpeitian sei kasu zenbatu zituzten atzo, eta 762,16tik 775,30era igo da kasu metatuen tasa; Orion, berriz, bi izan dira hautemandako kasuak, eta 945,86tik 978,47ra igo da tasa.

Behera egin du tasak Azkoitian ere –intzidentzia tasa mila puntutik behera jaitsi da eta 917,97koa da gaur-gaurkoz–, nahiz eta bi kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan. Bost kasu positibo detektatu zituzten, bestalde, Zumaian; 30 puntu jaitsi da herri horretan intzidentzia tasa azken datuekin, baina Urola Kostako herrietatik bertan dute egoera okerrena, 1.160,07 baita tasa. 

Aian eta Getarian, hiru eta bi kasu hauteman zituzten atzo, hurrenez hurren. Aian 503,78koa da kasu metatuen tasa, eta Getarian, 883,39koa. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bestalde, ez zuten kasu bat bera ere atzeman atzo. Aizarnazabalen 130,04ean dute tasa eta Zestoan 898,82an; Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean mantentzen dute. 

Positiboek zertxobait behera, ospitaleratzeek gora

Hego Euskal Herrian egindako 14.551 PCR eta antigeno probetatik 1.696k izan zuten emaitza positiboa –1.980 ziren herenegun–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %11koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, berriz, %13,9koa. Lurraldez lurralde, Bizkaian (776) zenbatu zuten kasu kopuru altuena, eta, ondoren, Gipuzkoan (388), Nafarroan (381) eta Araban (131). Lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean 20 kasu positibo hauteman zituzten, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 243 lagun daude izurritearen eraginez Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Zaintza bereziak behar dituzten pertsonak, berriz, 62 dira hiru lurralde horietan.