Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute hondartzan

Maria Maya Manterola 2021ko abu. 1a, 14:57

Zarauztarrek ere bat egin dute Etxeraten deialdiarekin, eta hondartzaraino eraman dute euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarrikapena. Presoak "etxean eta aske" behar dituztela nabarmendu dute, salbuespenezko espetxe politika amaitzea eskatzearekin batera.

Euskal preso deportatu eta iheslarien eskubideen alde mobilizazio ugari izan da azken asteotan, Sare eta Etxerat mugimenduek antolatuta. Atzo, esaterako, bailarako herriak lotu zituzten Oriotik eta Zumaiatik abiatu ziren martxa banatan, eta Getarian egin zuten ekitaldia. Gaur, berriz, salbuespen politika amaitzea eskatzeko, Euskal Herriko 17 hondartzetan mobilizazioak izan dira Etxeratek deituta. 

Zarauztarrek ere bat egin dute Etxeraten deialdiarekin, eta hondartzaraino eraman dituzte presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak. Musika plazatik abiatu da mobilizazioa 12:00etan, batukadaren erritmora. Malekoian itzulia eman ondoren, atzera Musika plazara itzuli dira berriz ere, eta bertan amaitu dute martxa. 

Etxeraten hitzetan, "Espainiako eta Frantziako estatuei ez zaie borondate politikorik ikusten iraganeko inertziak alboratu eta erabaki bat hartzeko". Andaluziako espetxeetan euskal presorik egon ez arren, Pariskoetan oraindik badirela gogorarazi nahi izan dute: "147 euskal preso Euskal Herriko periferiako espetxeetan daude oraindik. Bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan modulu hutsak daude". 

Eskaera zehatzak egin ditu Etxeratek. Alde batetik, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hemeretzi presoak "berehala" aske utzi ditzaten eskatu du. Bestalde, 70 urtetik gorako bederatzi preso daudela ere aipatu du, eta horiek ere kalera atera behar direla azaldu du. Horiekin batera, 33 erbesteratuen eta zortzi deportatu politikoen "itzulera erraztu" behar da, Etxeraten arabera. 

Espainiako espetxeetan dauden presoei Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu ez izana salatu dute, bestalde. Frantzian preso dauden Jon Parot eta Jakes Esnal ere aipatu ditu: "31 urte preso egon ondoren, 70 urte bete ondoren, Xistor Haranbururen baldintzapekoa onartu ondoren, Frantses Gobernuak bi preso horiek preso mantentzearen deliberoa hartu du, Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren aldarrikapenak mespretxatuz". Egoera horien atzean dagoen borondatea "heriotz zigorraren aplikazioa" dela uste du Etxeratek. 

Bestetik, azaldu dute hiru hamarkada baino gehiago behar izan direla "presoen urruntze sistematiko orokortuari" amaiera emateko. "Ezin da este hiru hamarkada itxaron oztopoak eta galarazpenak behingoz gainditzeko. Ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera". Euskal presoak etxean eta aske behar dituztela nabarmendu dute, amaitzeko.