Urrak marka berria egin du Bi Harri txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 2a, 10:10

Izeta II.ak egindako marka aise gainditu zuen atzo Urrak. 25 altxalditan zegoen ezarrita errekorra, eta 31 aldiz jaso zituen harriak zarauztarrak. Emakumezkoetan, Karmele Gisasola Zelai III.a-k jantzi zuen lehen Bi Harri txapela.

Mikel Lopetegi Urra harri-jasotzaileak balentria egin zuen atzo, Aritzbatalde kiroldegian jokatu zen Bi Harri txapelketan. Txapela nagusitasunez irabazteaz gain, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k ezarritako marka hobetu zuen, eta ez nolanahi: 25 altxalditan zegoen errekorra, eta Urrak 31 altxaldi egin zituen atzo; 16 aldiz jaso zuen Jai Txiki harria, eta 15 aldiz Mollarri. Horrenbestez, txapelaren, altxaldi bakoitzaren eta errekor berriaren saria eskuratu zituen zarauztarrak. Zalantzarik gabe, ez die lan erraza ipini hurrengo urteetan marka gainditu nahiko duten harri-jasotzaileei.

Lehen aldiz jokatu zen emakumezkoen Bi Harri txapelketa atzokoan, eta Karmele Gisasola Zelai III.a-k eskuratu zuen lehen txapel preziatua, bi harriei denera 23 altxaldi eginda. Estu egon zen lehia emakumezkoetan, izan ere, Lucia Orbek egin zuen bigarren 22 altxaldirekin, eta podiuma osatzeko, lehen biengandik oso gertu ibili zen Lierni Osa zarauztarra, 21 altxaldirekin. Izatez, Lur Errekondo zen lehian parte hartzekoa, baina, azkenean, Marina Blanco atera zen plazara haren ordez, hemezortzi altxaldi eginda.

Gizonezkoetan, bigarren postua ere zarauztar batentzat izan zen; 24 altxaldirekin, Jokin Eizmendi geratu zen Urraren atzetik. Hirugarren, berriz, Izeta IV.a-k egin zuen, bi harriei 22 altxaldi eginda.

Hemen daude ikusgai sailkapenen zerrendak:

  1. Zelai III.a: 23 altxaldi.
  2. Lucia Orbe: 22 altxaldi.
  3. Lierni Osa: 21 altxaldi.
  4. Marna Blanco: 18 altxaldi.

 

  1. Urra: 31 altxaldi.
  2. Jokin Eizmendi: 24 altxaldi.
  3. Izeta IV.a: 22 altxaldi.
  4. Eiza: 20 altxaldi.
  5. Izeta III.a: 19 altxaldi.
  6. Gorka: 19 altxaldi.
  7. Galarraga: 19 altxaldi.
  8. Azpiazu: 17 altxaldi.

Argazkiak: Ibon Errazu