Aritzbataldeko bizilagunek auzoko zirkulazio arazoak salatu dituzte

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 6a, 11:00
(Amaia Urbieta Arruti)

Frantseskua zubi berria inauguratu zenetik auzoko trafiko astuna asko igo dela diote, eta udalak arazoa konpondu dezan eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute auzoko bizilagunek. 

2018. urtearen amaieratik egokitzapen lanetan ibili ondoren, iragan martxoan inauguratu zuten Frantseskua zubi berria, egun Aritzbatalde auzoa Errotaberri eta Abendaño industrialdeekin lotzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalak inaugurazioan azaldu zuten, besteak beste, aldaketa berriarekin "kamioiek herri barrutik egin beharreko ibilbideari 800 metro kendu" zizkiotela. "Lehen herri osoa zeharkatu behar zuten kamioiek industrialdera sartzeko, eta orain erraztu egin ditugu gauzak", esan zuen martxoan Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Aldaketarekin ez daude gustura, ordea, Aritzbatalde auzoko bizilagunak. Auzoko kaleetatik igarotzen den trafikoa "asko igo" dela diote, eta une oro igarotzen direla "trailer handiak eta hamar metrotik gorako kamioiak". Izan ere, lehen ibilgailuek Herrikosoro kaletik egiten zuten bidea orain Zuberoa kalearen zati batetik egiten dute. Auzoko zenbait bizilagunek udal taldeei zuzendutako sinadura bilketa hasi dute udalak arazoa konpondu dezan.

Trafikoa, auzora

"Industrialdeko trafiko guztia gure auzora bideratu da", azaldu dute bizilagunek. Trafikoaren igoerak "segurtasun aldetik" ere arazoak ekarri dituela nabarmendu dute: "Gure auzoaren egitura ez dago prestatuta horrelako ibilgailu eta trafiko kopurua zeharkatzen ibiltzeko". Izan ere, Frantseskua zubira doan bidea Zuberoa kalearekin gurutzatzen den bidegurutzean kamioiek ez dute bihurgunea egiteko nahikoa toki izaten, eta bizilagun batek HITZAri azaldu dionez, zenbait kasutan alboko erreia hartzen dute, baita espaloira igo ere. Halakoak "une oro" gertatzen direla salatu dute auzoko bizilagunek, eta bidegurutze horren inguruan bi haur parke, haur eskola eta kiroldegia daudela azpimarratu dute, horrek arazoa larriagotzen baitu, haien aburuz; orain auzoan "anabasa eta segurtasun eza" daudela diote.

Egunotan, gainera, hainbat herritarrek igo dituzte kamioi handiak trabatuta ageri diren argazkiak eta bideoak sare sozialetara, bidegurutze horretan gertatzen dena salatzeko.

Erabilera aldaketari ezetz

Horrez gain, duela aste gutxi mahaigaineratu zuen Udal Gobernuak Errotaberri Industria
Sektoreko Plan Partzialaren ordenantzari aldaketa egiteko asmoa, txikizkako salmentarako
establezimenduak ezartzea ahalbidetzeko gune horretan, hala nola elikadura dendak, supermerkatuak edo beste mota bateko merkataritza establezimenduak. Proposamen berria
aurrera ateratzen bada, trafikoaren ordutegia "gehiago zabalduko" dela salatu dute Aritzbataldekoek, eta zehaztu dute "gau eta egun merkantzia kamioiak atzera eta aurrera" ibiliko direla auzoan zehar.

Horren guztiaren aurrean, hainbat norbanakok kexak aurkeztu dituzte udalean eta, horrez gain, sinadura bilketa abiatu dute auzoan. Auzoko establezimenduetan egin daiteke bat sinadura bilketarekin, eta change.org plataforman ere sinatu daiteke.

Udalak, berriz, HITZAri jakinarazi dio oraingoz ez duela gaiaren inguruko adierazpenik
egingo.