Aste Nagusirako zenbait ekitaldi antolatu ditu udalak

Abuztuaren 13tik 16ra bitartean izango dira ohiko kirol hitzorduak, musika emanaldiak nahiz Salbea. Besteak beste, hurrengo larunbatean emanaldi berezi bat eskainiko du Egan taldeak; astelehenetik aurrera eskuratu beharko dira gonbidapen-txartelak.

Gero eta gutxiago geratzen da Zarauzko Aste Nagusia ospatu ohi den egunetarako. Kirol hitzorduez, Salbeaz eta Ama Birjinaren mezaz gain ez zen ospakizun ekitaldirik izan iaz, baina Zarauzko Udalak gaur jakinarazi du hainbat ekimen antolatu dituela oraingoan. "Nahiz eta ezin dugun Aste Nagusia aurreko urteetan bezala ospatu, ekitaldi zehatz batzuk izango ditugu aurten, osasun neurriak beteta eta betearazita", esan du Xabier Txurruka alkateak. "Jendeak eskatu egiten digu jada; festarako gogoa dago, baina oraindik ez da festa egiteko eta festak antolatzeko unea".

Hilaren 13tik 16ra bitartean izango dira udalak prestatutako ospakizun ekitaldiak, "su artifizialik eta kontzertu handirik" gabe izan arren. Abuztuaren 13an, ostiralean, Lizardi kirol aretoko oholtzan arituko da Seguridad Social; 22:00etan hasiko da kontzertua. Jose Manuel Casañek 1982an sortu zuen Seguridad Social musika taldea, eta erreferentea da gaztelaniazko rock musika munduan.

Ama Birjin Egunaren bezperan, abuztuaren 14an, kirola nagusituko da herrian. Traineru estropadak izango dira goizean nahiz arratsaldean: goizean KAE2 eta ETE ligetako taldeek edukiko dute jokoan Zarauzko Ikurrina (aurreneko bandera izango da ETE ligaren kasuan), eta arratsaldean, berriz, gizonezkoen eta emakumezkoen liga nagusietako taldeek izango dute Zarauzko bandera lortzeko lehiaren aurreneko jardunaldia. 17:40ean hasiko da Euskotren ligako estropada, eta jarraian arituko dira Eusko Labelekoak. Arraunaz gain, baina, egongo da beste kirol hitzordurik larunbatean: Aritzbatalden pilotari profesionalen arteko partidak izango dira 17:00etatik aurrera, Masters Caixabank lehiaren barruan.

Arratsalde horretan, gainera, Zarauzko erraldoiak aterako dituzte Lege Zaharren Enparantzara, erakusketa modura. 18:00etatik 19:00etara bitartean, beraz, erraldoiak ukitzeko eta haiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute "haurrek eta ez hain haurrek", Txurrukaren esanetan. Horren ostean, 20:00etan, Musika Plazako kioskotik eskainiko du kontzertua Txamukos mariatxi taldeak. Idoia Uralde da Txamukoseko kideetako bat; Egan taldeko abeslaria izan da duela gutxira arte. Ordu berdinean, 20:00etan, Schola Cantorum abesbatzak ohiko Salbea eskainiko du Frantziskotarren elizan.

Ama Birjin Egunean, abuztuaren 15ean, 10:30ean egingo dute meza nagusia Zarauzko parrokian. Schola Cantorumek hartuko du parte. 11:30ean estropaden bigarren jardunaldia izango dute Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek, eta jarraian banatuko dizkiete Zarauzko Ikurrinak irabazleei. 12:00etatik 13:00etara, aldiz, berriz aterako dituzte erraldoiak udaletxe aurrera.

19:30ean ikuskizun berezi bat izango da Lege Zaharren Enparantzan: Egan taldea arituko da. "Eganek Zarauzko herriarekin eta herriko festekin izan duen historia luzea gogorarazi nahi izan dugu", adierazi du alkateak. Xabier Saldiasek eta, besteak beste, Zarauzko hainbat artistak Eganen 50. urteurrenaren harira prestatu zuten ikuskizuna; ordubete pasatxo irauten du. Eserita gozatu beharko da kontzertuaz, eta ikusleek aurrez eskuratu beharko dituzte gonbidapen-txartelak. Datorren astelehenean, abuztuaren 9an, doan hartu ahal izango dira tiketak Modelo aretoko txarteldegian. Zine emanaldien aurretik egoten da zabalik txarteldegia.

Egitaraua biribiltzeko, Galiziako Azabache taldearen kontzertua izango da abuztuaren 16an, Udaberri elkartearen aurrean. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta adineko pertsonei zuzenduta dago batez ere, udalak azaldu duenez.

Egitaraua

Abuztuak 13

  • 22:00. Seguridad Social taldearen kontzertua, Lizardi kirol aretoan

Abuztuak 14

  • 11:00. Estropadak: Zarauzko XII. Ikurrina eta Zarauzko I. Ikurrina (KAE2 eta ETE ligak)
  • 17:00. Pilota partidak, Aritzbatalde kiroldegian
  • 17:40. Estropadak: Zarauzko XIII. Ikurrinaren eta Zarauzko XLIV. Ikurrinaren lehenengo jardunaldiak (Euskotren eta Eusko Label ligak)
  • 18:00-19:00. Erraldoien erakusketa, Lege Zaharren Enparantzan
  • 20:00. Txamukos taldearen kontzertua, Musika Plazan
  • 20:00. Schola Cantorumen Salbea, Frantziskotarren elizan

Abuztuak 15

  • 10:30. Meza nagusia, Zarauzko parrokian
  • 11:30. Estropadak: Zarauzko XIII. Ikurrinaren eta Zarauzko XLIV. Ikurrinaren bigarren jardunaldiak (Euskotren eta Eusko Label ligak)
  • 12:00-13:00. Erraldoien erakusketa, Lege Zaharren Enparantzan
  • 19:30. Egan taldearen kontzertua, Lege Zaharren Enparantzan

Abuztuak 16

  • 22:00. Azabacheren kontzertua, Udaberri elkartearen aurrean