Hamaikagarren egin du Zarautzek Rianxoko estropadan

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 7a, 21:32

Sailkapeneko azken postutik ihes egiteko lanetan jarraitu beharko du Zarauzko Enbatak. Gaur hamaikagarren izan da Rianxon (Galizia) jokatutako estropadan. 

Haiza bolada indartsuak eta haize olatuak izan dituzte gaur aurkari Eusko Label ligako estropadan. Bandeira Barbanza Arousa jokatu dute arratsaldean Rianxon. Lehen aldiz jokatu dute herri honetan Eusko Label ligako bandera bat, eta, adituen esanetan, estropada eremuak zalantza bat baino gehiago piztu ditu, kaleen artean egon daitekeen aldeengatik. 

Lehen txandan aritu da Zarautz, Ares, Tiran eta Lekittarrarekin batera. Lehen luzean ez da nagusitasun garbirik izan, eta horren erakusle da lehen ziabogan bi segundo aldea besterik ez dela izan denbora onena egin duen Lekittarra eta laugarren izan den Enbataren artean. Bigarren luzean ihes egin du Ares galiziarrak, eta beste hiru traineruen artean borroka bizia izan da. Hala, Zarautz izan da Aresen ondoren onena bigarren eta hirugarren ziabogan. Azken postutik alde egiteko aurkari nagusi duen Tiran atzetik izan du estropadaren zati handi batean, baina laugarren eta azken luzean Galiziarrek aurrea hartu diete, eta hauek sartu dira bigarren Aresen atzetik. Zarautz hirugarren izan da, eta Lekitarra laugarren. Estropadako sailkapen orokorrean azken lau postuak bete dituzte lehen txandan aritu diren lau traineruek. 

Estropadako denborak hemen ikus daitezke.

Sailkapen orokorrean tartean handitu egin du Tiranek Zarautzekiko. Gaur gaurkoz, Enbata da ligako azkena 28 punturekin, eta Tiran da aurretik zortzi puntu gehiagorekin; 36 dituzte galiziarrek. 

Bihar ere Galizian izango da Eusko Labeleko estropada: eguerdiko 12:00etatik aurrera, XXXI Bandeira Concello de Boiro jokatuko dute.