Pandemiaren ahotsak

Pantaila handiari errenta atera ezinik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 12a, 17:00
Xabier Amenabarro ezkerrean, eta Edorta Martinez eskuinean. (Utzitakoa)

Zarautzen "kulturarako gogoa" badagoela nabarmendu du Modelo aretoaren kudeaketaz arduratzen den Goikus enpresako Xabier Amenabarrok. Azken urte eta erdia gogorra ari da izaten bi bazkideentzat, eta oraindik zenbaki gorrietan jarraitzen badute ere, baikor begiratzen diote etorkizunari.

Beasaingo (Gipuzkoa) Usurbe udal aretoko langile izan dira urte askoan Xabier Amenabarro eta Edorta Martinez beasaindarrak. Beren nagusiek lana laga zutenean, bien artean Goikus enpresa sortu eta kudeaketaren lekukoa hartu zuten, eta harrezkero biak arduratzen dira Usurbeko zinema saioak programatzeaz. Bi bazkideen lan egiteko moduak emaitza onak eman zituen, eta zereginari tamaina hartua ziotenean jakin zuten Zarauzko Udalak Modelo aretoaren kudeaketaz arduratzeko lehiaketa martxan zuela. "Potentziala ikusi genion herriari. Bisitatzera etorri ginen eta aretoa gustatu egin zitzaigun", azaldu du Amenabarrok. Horrenbestez, lehiaketa irabazi eta erronka berriari heldu zioten 2020ko otsailean. Handik hilabetera, ordea, hankaz gora jarri zen guztia.

Hiru hilabetez itxi behar izan zuten aretoa COVID-19ak eragindako egoeragatik. Bazter guztiak zipriztindu dituzte harrezkero pandemiaren ondorioek, baina zinema aretoak kudeatzen dituztenentzat beste sektore batzuentzat baino soka luzeagoa ekarri du kontuak. 2020ko uztailean hasi ziren berriro ere filmak eskaintzen Modelon. Amenabarrok gogoan duenez, orduan heldu zen Santiago Segura zinemagilearena zen eta oso ondo funtzionatu zuen film bat, eta, haren ostean,"gorabeherak" heldu ziren berriro. "Murrizketak hasi ziren, eta urte guztia izan da oso arraroa", azaldu du. Dena den, nabarmendu du pare bat euskal filmek oso harrera ona izan dutela: Akelarre eta Erlauntza filmek, hain zuzen. 

Haurrentzako zinemak behera

Alde batetik, murrizketak izan dituzte oztopo Goikusekoek, baina, bestetik, herritarren joera aldaketek ere eragin handia izan dute. "Ondo funtzionatu behar zuten pelikulek ondo funtzionatu zuten, baina urteko erregulartasuna ematen dizuten pelikulak nahikoa baxu ibili dira". Zarautzen kasuan, ez da erraza alderaketak egitea Amenabarrorentzat, pandemiaren aurretik hilabetez soilik kudeatu baitzuten aretoa, baina jaitsierarik nabarmenena haurrentzako zineman antzeman dute. "Harritu egin gaitu, beti ondo funtzionatu du, baina asko jaitsi da eta asko ari da kostatzen berreskuratzea". Zegatiaz hausnartu duten galdetuta, beasaindarrak dio beren ustez familiek aire zabaleko jardueren aldeko hautua egin dutela izurritea medio.

Dena den, Zarautzen "kulturarako gogoa" badagoela nabaritu dute bi bazkideek. "Ikusten da antzerki emanaldietan eta kontzertuetan ere; jende asko mugitzen da". Izan ere, beste inguru batzuekin alderatuta, "txarraren barruan, zifra onak" dituztela jakitera eman du Amenabarrok. Horren erakusle da, esaterako, astearteetan pelikula bereziagoak eskaitzen hasi direnean, jendeak ondo erantzun duela. 

Jendearen kultura gose hori ahalik eta egokien asetzeko probak egiten jardun dute azken hilabeteetan Goikusekoek. Ordutegi aldetik, esaterako, probatu dute ostiral gaueko saioak funtzionatzen al duen, igandeetan jarriz gero zer gertatzen den... Ez dute lan erraza eduki, ordea. "Pandemiak ez digu utzi nahi genituen probak egiten. Mugak eduki ditugu, aretoa 21:00etan itxita egon behar zela, gero 22:00etan, gero 23:00etan... nahastea izan da". Ordutegien dantza, beraz, murrizketengatik eta kudeatzaileen probengatik izan da. Denboraldi berrirako ere badituzte hainbat ideia, astearteetan filmak jatorrizko hizkuntzan eskaintzea kasu.

Azken kolpea

Koronabirusaren hedapena edukitzen ari zen bilakaera tarteko, Labi batzordeak uztailaren 22an jakitera eman zuen aretoetako edukiera %35ekoa izan ahalko zela gehienez. Berria sorpresaz jaso zutela dio Amenabarrok. "Ez dugu ulertzen zertan oinarritzen diren erabaki hori hartzeko. Euskadiko Zine eta Aretoen elkartean gaude, eta denon erreakzioa horixe izan zen; ezin ulertua". Modelo aretoaren edukiera "nahiko handia" dela dio, eta saio gehienetan edukiera ez dela betetzen, baina zenbait zinema areto txikirentzat neurri berria kolpe handia izan da. "60 lagun sartzen diren areto asko daude. Horiei hogei laguneko edukiera geratu zaie, eta horrela ez dira zenbakiak ateratzen".

"Txarraren barruan ongi" daudela badio ere, Goikusekoei ere zenbakiak ez zaizkie ateratzen une honetan. "Errentagarria izateko, Modeloko ikusle kopurua igo beharra dago". Europatik kulturara bideratuta sartu diren dirulaguntza batzuei esker leunagoa ari da izaten kolpea, baina zifrak "hobetu beharra" azpimarratu du beasaindarrak. Baikorra da Amenabarro, eta herritarrengan zinemara joateko gogoa ikusten du. Hori dela eta, zarauztarrak herriko aretora bertaratzera animatu nahi izan ditu, eta azken hilabeteetan sektoreko langileek behin eta berriro azpimarratu dutena nabarmenduz burutu du: "Kultura segurua da".