Burua gora bukatu du Zarautzek Eusko Label ligako ibilbidea

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 29a, 15:30
Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Burua gora. Hala bukatu du denboraldia, eta, oraingoz, Eusko Label ligako ibilbidea Zarauzko Enbata traineruak. Zortzigarren egin du gaur Zarautzek Moañan, eta datorren ostegunean jokatuko den Kontxarako sailkatze estropadan ere borroka emateko prest dagoela erakutsi dute urdinek. 

Burumakur ez, burua gora duela uretaratu da Zarauzko trainerua asteburu honetan Galizian jokatutako bigarren estropadan. Atzo Aresen jakin zuen datorren denboraldian ez zela Eusko Label ligan arituko; azken jardunaldietan ia segurutzat jotzen zuen jaitsiera gauzatu zen atzo zarauztarrentzat. Halako egoera batean beste ontzi bat, beste eskifaia bat, behea jota aterako zen ligako azken estropada jokatzera. Enbatak, baina, ondo bukatu nahi izan du Eusko Label ligako ibilbidea, harro, eta hala erakutsi du XXXIX Bandeira Concello de Moañaren lehen palakadetatik. 

Bere txandako burua hartu du lehen segundoetatik, eta halaxe mantendu da, aurretik, ia txanda osoan zehar. Lehen luzerako atzean utzi du denboraldi osoan zehar aurkari izan duen Tiran, eta gaur itxurarik onena erakutsi ez duen Lekittarra. Aresek bakarrik eutsi dio Zarautzen arraunketari. Segundo bat, bi edo hiru gehienez, baina aurretik joan da Enbata lehen hiru luzeetan. Laugarren luzean, baina, Aresek txandako burua hartu du, eta bera izan da azkarrena; Zarautz bigarren izan da txanda honetan, galiziarrengandik traineru batera, hiru segundora. 

Bere txandan atzean utzi ditu Enbatak Tiran eta Lekittarra, baina baita ondorengo txandetan aritutako Zierbena eta Cabo da Cruz ere. Gaur Moañan jokatutako estropadan zortzigarren egin du Zarautzek. 

Eusko Label liga amaitu da dagoeneko Zarautzentzat, baita lehen txandan aritu diren Lekittarra eta Aresentzat ere; Tiranek maila mantentzeko play off estropadak izango ditu irailaren hirugarren asteburuan. Aurretik, datozen bi asteburutan Kontxako Bandera izango da jokoan, eta hara sailkatzeko estropada izango du hurrengo hitzordua Enbatak. Iaz lortu zuen Donostiako badian izatea iraileko lehen bi igandetan. Aurten ere sorpresa emateko prest izango dira zarauztarrak.