Zarautzek ez du lortu Kontxako Estropadetarako sailkatzea

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 1a, 19:30

Hamabosgarren postuan bukatu du erlojupekoa, saio txukuna osatuta.

Arrauneko urteko hitzordu nagusienaren atarikoak ekin dio. Gaur arratsaldean jokatu da sailkatze estropadetako bat, emakumezkoena, hogei ontziren parte hartzearekin. Donostiarra zuzenean sailkatuta, zazpi txartela zeuden jokoan, eta beste etxeko talde batek egin du oihu ozenen: Euskotren Ligako txapeldun Donostia Arraun Lagunek-ek. Egundoko denboran (10:54,00) osatu du erlojupeko estropada, baina ez da bakarra izan. Oriok ere saio ederra egin du, batez ere poparean, eta kontuan edukitzeko 11:02,46ko denborarekin, bigarren sailkatu da. Oriotarrak azken bi ediziotako txapeldunak dira, eta aurten ere garaipena defendatzeko  asmoa dute.

Zarautzek ez du lortu bi igandeetarako sailkatzea. Lehen aldia zuen Donostiako badian lehiatzen zena, eta haientzat esperientziaz gozatzeko estropada izan da. Bigarren txandan ekin dio erlojupekoari, eta lan serioa egin du hamabosgarren postuan sailkatuta, 11:45,66koarekin.


Zalantzak Galiziakoekin

Sailkatze estropada hasi aurretik zalantzak zeuden edo, behintzat, euskal klubak adi-adi zeuden Galiziako traineruek izan zezaketen mailarekin; izan ere, hiru itsas miliako estropadak jokatzen dituzte han. Begi guztiak Galiziako Ligako txapeldun Cabo eta txapeldunorde Chapelarengan jarrita zeuden. Baina, azkenean, uste baino maila apalagoa eman dute, eta Chapela bakarrik sailkatu da. Beraz, ondorengo zazpi hauek sailkatu dira Kontxarako: Donostia Arraun Kirolak, Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta Chapela, hurrenez hurren.