Hasi dira San Pelaioko tren geltokia eraberritzeko obrekin

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 3a, 08:53

Eraberritzearekin geltokiaren irisgarritasuna hobetu nahi dute. Lanak hemezortzi hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten da.

Aste honetan jarri dituzte matxan San Pelaioko tren geralekua eraberritzeko obrak. Moyua SL eta Jaizubia Obras y Servicios SL enpresek osatutako ABEEa arduratuko da lanak egiteaz datozen hemezortzi hilabeteetan, 2.500.555 euroko aurrekontuarekin. Euskal Trenbide Sareak hartuko du bere gain obren finantzaketa osoa. 

Momentuz, ikastolako patioan dabiltza obretako makinak, eta obrek tren zerbitzuan aldaketarik eragingo balute, horiek "garaiz jakinaraziko" direla jakitera eman du Xabier Txurruka alkateak sare sozialen bidez. 

Urte honetako apirilean onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak San Pelaioko tren geralekua eraberritzeko proiektua. Obra hauekin geltokiko atondoa trenbideko plataformaren azpian kokatuko dute. Bestalde, azpiegituraren dimentsioak ere areagotu egingo dituzte: alde batetik, nasaren luzera 80 metrora handituko dute, hau da, 10 metro gehiago irabaziko ditu; eta bestetik, oinezkoentzako azpiko pasabidearen zabalera sei metrora handituko dute, egun duenaren bikoitza, alegia. Aldi berean, geltokira azpiko pasabidetik sartzea ahalbidetuko dute, eta egungo trenbidearen trazadura egokituko dute. Aurreikusitako eraberritzeekin hobetu nahi dute geralekuaren irrigarritasuna, edukiera eta kontrola, baita bidearen bi aldeetako herritarren oinezko komunikazioa ere.