Txaber Altubek irabazi du Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 4a, 09:07

Saio ederraz gozatzeko beta izan dute Modelo aretora bertaratutako bertsozaleek. Txaber Altubek jantzi du txapela, eta Sarai Robles sailkatu da bigarren postuan. 

Abadiñora (Bizkaia) joan da bart jokoan izan den Lizardi Sariketako txapela. Saio dotorea osatu zuen Txaber Altubek, eta Sarai Robles azpitxapeldunari 10 puntu eta erdiko aldea aterata irabazi zuen.

Bertsozale ugarirentzat izan ohi da hitzordu garrantzitsua Lizardi Sariketa, eta atzokoan ere ez zuten hutsik egin zaleek; 20:45erako sarrerak erosteko ilara luzea zegoen Modelo aretoaren kanpoaldean. Aretoaren edukiera ia beteta zela hasi ziren kantari sei finalistak, Maite Aizpuruaren gidaritzapean. 

Epaimahaiak ebatzitako puntuaketak batuta, horrela geratu zen finaleko sailkapena:

  1. Txaber Altube 284,5 puntu (Abadiño)
  2. Sarai Robles 274 puntu (Barañain)
  3. Aitor Servier 258 puntu  (Azkain)
  4. Andoni Mujika 251,5 puntu (Urnieta)
  5. Aitor Zubikarai 240 puntu (Itziar-Deba)
  6. Ekhine Zapiain 238,5 puntu (Bera)

Juan Mari Juaristi Motxian bertso-eskolako kideak jarri zion txapela Altuberi, Araban nahiz Zarautzen bertsogintzari lotuta egindako lanaren aitortza gisa. Bigarren saria, berriz, Irune Urbieta Kultura zinegotziak eman zion Roblesi.

Puntuaziorik altuena eskuratu zuen bertsoa, berriz, Andoni Mujikak abestu zuen, kartzelako ariketan. Gaiari botatako lehen bertsoa izan zen, hain zuzen ere, saritua. Horrela zioen gaiak: Badakizu, ziurrenik, negarrez hasiko dela. Hala ere, esan egingo diozu. Bikotekideagandik bereiztear den gurasoaren paperean sartu zen urnietarra, eta bien haurrari banaketaren berri eman zion bertsotan. Horrela amaitu zuen lehen bertsoa: Nahiz ta ez dezun merezi / guk behar degu berezi.