Euskal Astearen barruan antolatu ohi den Aurresku Txapelketa jokatu da gaur 33. aldiz, eta Eneko Etxaniz izan da dantzaririk trebeena epaimahaiaren iritziz. Elgoibartarrak (Gipuzkoa) jantzi du txapel gorria, Jesus Arana jarduneko alkatearen eskutik. Mattin Etxebeste oiartzuarra (Gipuzkoa) geratu da bigarren, eta herri bereko Katerin Artola, berriz, hirugarren.
Hamabost dantzari igo dira gaurkoan Modeloko oholtzara, eta bakoitzak bina pieza dantzatu ditu, txistularien eta atabal-jotzaileen laguntzaz. Bigarren txandara igaro dira puntuaziorik onena eskuratu duten sei dantzariak, eta horiek zortzikoa dantzatu dute. Sei horien artetik hautatu ditu epaimahaiak lehen hiru sarituak.
Astelehenean, dantza sueltoa
Euskal Asteko azken txapelketa izango da etzi, astelehenean, Modelo aretoan. Helduen Binakako Dantza Suelto Txapelketa jokatuko da 19:00etatik aurrera, eta ondorengo bikoteek hartuko dute parte:
- Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia)
- Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia)
- Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi)
- Nahia Urkizu eta Ione Aranberri (Azpeitia-Itziar)
- Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
- Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
- Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia)
- Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara)
- Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela)
- Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun)
- June Elorza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)