Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a' Euskal Pentatloiko hurrengo kanporaketan lehiatuko da

Zarauzko Hitza 2021ko ira. 5a, 16:00
(Ibon Errazu)

Erabakita geratu ziren atzo Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa osatuko zuten hamabi kirolariak. Izeta VI.a aurretik zuzenean bigarren kanporaketarako zegoen sailkatuta, iaz zortzi onenen artean izan zelako. "Motibatuta" dagoela azaldu du.

Euskal Pentatloi Sariaren laugarren edizioari ekin zioten atzo Azpeitiko zezen plazan. Hain zuzen ere, txapelketa horren lehen kanporaketa jokatu zuten zortzi kirolarik. Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatu ziren atzokoan: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousmane Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Gorka Etxeberria. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egin dituztenek lortu dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela, eta bigarren jardunaldi horretan ariko da, lau horiekin batera, iazko lehian emaitza onenak lortu zituztenak; tartean izango da Izeta VI.a. Zehazki, honako hauek lortu zuten atzokoan aurrera egitea: Otaegik, Irazabalek, Etxeberriak eta Amadek. Beraz, txapelketatik kanpo gelditu dira gainontzeko lau lehiakideak.

Datorren larunbatean, hilaren 11n, beraz, hamabi kirolari aterako dira plazara; aipatu laurak, eta Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a. Bigarren kanporaketan lehiatuko direnek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan. 

Saio bakoitzean lan desberdinak

IV. Euskal Pentatloi Sariaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin dizkiote, giza proban plaza bat osatu dute, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, berriz, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea.

Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Finalaren egunean emakumeak ere izango dira lehian; haiek harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Hurrengo kanporaketarako sarrerak salgai daude dagoeneko; interesatuek Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan eskura ditzakete.

Izeta VI.a, motibatuta 

Euskal Pentatloi Sarian parte hartuko duen hirugarren aldia du oraingoa Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, 1993). Ekainean, Binakako Euskal Pentatloiko txapela irabazi zuen Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.arekin batera. Joan den astean, berriz, Hendaian (Lapurdi) jokatutako pentatloi txapelketan garaile izan zen; Julen Gabirondori hiru minutuko aldea aterata. Iaztik "ez da gelditu" ere egin, eta "ondo" prestatzen ari dela dio Izeta VI.ak.

Bigarrengo kanporaketan ariko da. Prestaketa aurten inoiz baino gogorragoa egiten ari zaiola aitortu du: "Luzea bai behintzat. Iaz, irailean, banakako finaletik kanpo gelditu nintzen, eta pena hori dut. Aurten, ordea, finalean sartzeko esperantzarekin nago. Aurreko astean Gabirondoren kontra txapelketa irabazi izanak Euskal Pentatloi Sarirako entrenatzen jarraitzeko motibazio handia eman dit. Jokatuko ditugun bost diziplinetatik ondoen aurreneko bietan ikusten dut nire burua, harriekin; alegia, harri jasotzen eta giza proban. Okerren, aldiz, korrikan moldatuko naizela esango nuke, aizkoran ere pixka bat hobera egin dugu eta. Korrikako probarako pixka bat nekatuta ere egoten gara. Txapelketa irabazteko faboritoen artean Gabirondo ikusten dut. Joan den asteko txapelketako finala ere haren kontra jokatu nuen, eta ikusi nuen indartsu eta ondo dagoela. Gabirondoz gainera, Otaegik ere aurten gerra pixka bat emango duela uste dut".