"Arriskua sor dezakeen" ekintza oro galarazi dute Euskal Jai Egunerako

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 8a, 11:14

Aurten ere ez da inolako ekitaldirik antolatu Euskal Jai Egunez, osasun egoera dela eta. Alkatetzak berariaz debekatu ditu festarako gonbidapena luza dezaketen ekintzak.

Izatez festa eguna beharko luke biharkoak.  Bezperan txukun prestatutako baserritarren arropa apain-apain jantzi, eta egun osoa kalean, dantzan eta jan-edanean igaro ohi dute zarauztar askok. Bigarren urtez jarraian, ordea, ezingo da halakorik egin. Osasun egoerak oraindik ere festa girorik baimentzen ez duela iritzita, biharko egunez ez da ohiko ekitaldirik izango.

Alkatetzak, gainera, Euskal Jai Eguneko ekitaldi guztiak bertan behera geratzen direla jakinarazten duen bandoa sinatu zuen abuztuaren 26an. Bandoan bihar bereziki debekatuta egongo diren hainbat ekintza zerrendatzen ditu. Zerrendaren arabera, ezingo da "erromeriarik edo musika edo dantza ikuskizunik egin espazio irekietan, ezta beste ekitaldi herrikoirik ere bide publikoan (desfileak, kaleko emanaldiak, kalez kaleko ikuskizunak edo jendearekin egiten direnak)". Debekatuta egongo da bide publikoan salmenta postuak jartzea ere, eta ostalariek Eusko Jaurlaritzak ordutegiei eta edukierei buruz ezarritako arauak errespetatu beharko dituzte; gainera, ezingo da "inola ere" kanpoko barrarik jarri. 

Horrez gain, udal bandoan gogorarazten da "guztiz debekatuta" dagoela botiloia egitea, baita "kalean jatea eta edatea" ere. Era berean, galarazita egongo da "Euskal Jai Egunean ohikoak diren ibilgailuekin kalean ibiltzea (karroak, karrotxoak, traktoreak, karrozak edo beste edozer)". Laburbiltzeko, "arriskua sor dezaketen edo egoerarekin bateraezinak diren ekitaldi edo jarduerak" galarazita egongo direla zehaztu dute. "Murrizketak jasan behar ditugun azken urtea izango delakoan, pertsona guztiei gizalegez jokatzeko eskatu nahi diet, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako neurriak zorrotz bete ditzaten", burutu du bandoa Jesus Arana jarduneko alkateak.